XVIII Immigrazio Jardunaldiak hartuko ditu Ermuak maiatzean

26.04.18
Immigrazioa eta nazioarteko lankidetza

Ermuko Nazioarteko Lankidetza eta Elkartasun Kontseiluak gure herriko Immigrazio Jardunaldien hamazortzigarren edizioa aurkeztu du. Aniztasuna, gure herriko aberastasuna da aurtengo ekimenaren leloa, eta Udalaren, herriko ikastetxeen, Antxitxiketanen, Mudo-Drogoten eta Eibarko Rugby Taldearen babesa jaso du.

Aurtengo jardunaldien ardatza beste herri batzuetatik Ermura etorri diren pertsonen seme-alabak dira. Ume horiek Bertokoak dira, hementxe jaio eta hazi baitira; gurasoak kanpotik etorritakoak diren arren, seme-alabak Ermukoak dira.

Izan ere, aniztasun handiko udalerri batean bizi gara, eta funtsezkoa da hori onartzea eta aniztasun horrenganako pentsaera eta jarrera positiboa izatea. Beste kultura eta herrialde batzuetatik datozen gure herriko auzotarrenganako gutxiespena eta bazterketa gailentzea saihestu behar dugu; horrela, aniztasuna ez ezik, berdinen arteko bizikidetza ere izango da gure herriaren ezaugarri.

XVIII. Immigrazio Jardunaldien programa maiatzaren 2an, asteazkena, hasiko da Kurkuluxetan taldearen Ongi Etorri Laguna antzezlanaren eskutik. 11:00etan hasiko da obra Ermua Antzokian. Bestalde, ostegunean, Philippe V. Leeun zuzendariaren Alma Mater filma eskainiko da 20:30etik aurrera, ohiko zineklub saioaren barne.

Jardunaldien egun handia maiatzaren 5a izango da, larunbata, jada ezaguna den Kulturarteko Jaia ospatuko baita. 11:00etatik hasita iluntzera arte, denetariko kultur ekimenak izango dira ikusgai eta gozagarri Orbe Kardinala plazan, eta hennazko tatuajean, trentza afrikarrak eta marrazkiak egiteko aukera ere izango da.

Datorren ostegunean, maiatzak 8, Haur eta gazte aniztasuna. Bigarren belaunaldiak direlakoak mahai-ingurua eskainiko da 19:00etatik aurrera Lobiano Kultur Gunean. Bertan izango dira, hizlari gisa, Joseba Ibarra Berritzegune Nagusiko kulturartekotasun aholkularia eta Gorka Moreno Ikuspegi-Euskal Immigrazio Behatokiko zuzendaria.

Azkenik, Jardunaldien edizio honi amaiera emateko, Urko Punta elkarteak Bigarren Eskuko liburu-denda inauguratuko du Torrekua kaleko eskilaretan, Torrekua tabernaren gainean. Topaketa 19:00etan hasiko da, eta Afa El Halaoui Ahizpatasuna euskal emakume marokoarren elkarteko kidea izango da bertan. Gainera, Bassirou Faye sukaldari senegaldarrak prestatutako luncha eskainiko da.

Lotutako albisteak

Imagen
05.06.24
Barne migrazioei eta horiek Ermuan duten eraginari buruzko materialak eta hausnarketak

'1950-1975 tartean izandako barne-migrazioak eta horiek Ermuan eta garapenari egindako ekarpenak' liburuaren eta “Esperanza” filma laburraren autoreek lan horiek aurkeztuko gaur Lobianon eta ostiralean Antzokian
Imagen
24.05.24
Ermua kulturen arteko erakusleiho izango da aste honetan

Zazpigarren edizioa izango da, datorren asteko sei egunetan jarduerak ekarriko dizkiguna
Imagen
22.03.24
Palestinako herriaren genozidioaren aurkako manifestazioa

Gaur arratsaldeko 18:30etan C. Orbe plazatik irtengo da