Gazte Robotika egitasmoaren edizio berria hartuko du Ermuak
Iazko udan eta Aste Santuan izandako harrera bikainaren ostean, Gazte Robotika egitasmoak aurtengo udan ere robotika eta bideojokoen sorkuntza tailerrak eskainiko ditu Debabarreneko sei udalerritan, tartean, Ermuan. Debabarreneko Udalek eta Debegesa Garapen Agentziak abian jarri zutenetik, 200 gaztetxo baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan.
Edizio berri honetan zortzi tailer eskainiko dira, 2001 eta 2009 urteen artean jaiotako haur eta gazteei zuzenduta, Deban, Eibarren, Ermuan, Mallabian, Mutrikun eta Soraluzen. Talde lana sustatuz, gaztetxoek teknologiarekin ikasi eta ondo pasatzeko aukera izango dute euren robot eta bideojoko propioak sortuz eta programatuz. Gainera, tailer horietan euren proiektuak diseinatu eta garatu ostean, irailaren 22an Ermuko Izarra Centren egingo den Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren bigarren edizioan parte hartzeko aukera izango dute.
Lau orduko bost saiok osatzen dute tailer bakoitza, beraz, guztira 20 orduko iraupena izango dute. Euskaraz egingo dira saio guztiak, eta Doplay enpresak eskainiko ditu. Ermuari dagokionez, tailerrak abuztuaren 27tik 31ra (LH eta DBHko ikasleentzat) eta irailaren 3tik 6ra (LHko ikasleentzat) izango dira.
Tailerretan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko dira. Aurretiko izen-ematea jada zabalik dago www.gazterobotika.eus webgunean.
Berrikuntza gisa, joko edota erronka berriak diseinatu dira gaztetxoek euren proiektuetan aplika ditzaten; horrenbestez, joan den urteko edizioan izena eman zutenek aurten ere parte hartu ahal izango dute eta ikasten jarraitu, sormena landuz eta konponbide teknologiko berritzaileak garatuz.
STEAM gaitasunak sustatzea
Ekimen hezigarri honen helburu nagusia haur eta gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa piztea da (STEAM gaitasunak), modu praktiko eta dibertigarrian.
Gainera, Gazte Robotikak ahalegin berezia egiten du tailer teknologikoetan neskatilen parte-hartzea bultzatzeko. Izan ere, ikasketa teknikoetan matrikulatzen diren ikasleen artean, neskak askoz gutxiago dira; ziklo industrialen bat ikasten duten nesken portzentajea ez da %6ra ere iristen. Azpimarratzekoa da, ordea, joan den urteko edizioan parte-hartzaileen %30 neskak izan zirela.
Euskadiko II. Hezkuntza Robotika Txapelketa, Ermuan
Ermuak amaiera bikaina emango dio Gazte Robotika egitasmoari, Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren bigarren edizioarekin. Irailaren 22an izango da, Izarra Centren.
Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du txapelketak, doakoa eta Euskadi osoko gazteei zuzendua; eskola adineko haur eta gazteak (8 eta 16 urte bitarte) motibatzea du helburu, robotika eta programazio arloan lehen urratsak eman eta euren gaitasunak landu ditzaten, talde-lana eta arazoen ebazpena lantzearekin batera.
Lotutako albisteak

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren