Aurrez izena eman duten haurren kopurura egokituko dira udalekuak

30.05.18
Euskara

Aurreikusitako programazioa moldatu egingo da Ermuan erroldatuta dauden edo herriko ikastetxeetan ikasten duten izena emandako ume guztiak onartu ahal izateko

Ekainean hasiko dira Ermuko Udalak antolatutako udalekuak, eta guztira Ermuan erroldatutako edo herriko ikastetxeetako 289 umek izango dute aukera hiru astez burutuko diren jarduera dibertigarri eta anitzetan parte hartzeko, aurrez izena eman baitute.

Duela astebete itxi zen aurrez izena emateko epea, eta 301 eskaera jaso ziren. Horietatik 12 bertan behera utzi behar izan dira, ez baitituzte adin edo aurkezteko epe baldintzak betetzen. Hori horrela, 389 neska-mutilek izango dute izena eman eta jardueretan parte hartzeko aukera.

Behin betiko izen-emateak ekainaren 4tik 12ra bitartean egin beharko dira, biak barne. Eskaera orrian harremanetarako bide gisa helbide elektronikoa eskaini duten pertsonek e-mail bidez jasoko dute ordainketa gutuna, udalekuen tasa modu telematikoan edo adostutako banketxeetan ordaindu ahal izateko, Abiapuntura joan gabe eta ilarak saihestuz. Gainontzeko pertsonek Abiapuntuko bulegoetara joan beharko dute, ordainketa gutuna jaso eta haurrak udalekuetara apuntatzeko. Zehaztutako epean ordainketa burutzen ez duten familiek parte hartzeko eskubidea galduko dute eta plazari uko egiten diotela ulertuko da.

Aldaketak jardueren programazioan

Udalekuak 6 eta 12 urte arteko neska-mutilei zuzenduta daude, eta Antxitxiketan aisialdi taldeko begiraleek kudeatzen dituzte. Lehiaketa bidez Udalarekin urtean 49.234 euroko kontratua esleitu zitzaion 2020. urtera arte.

Onartutako akordioaren arabera, urteko 250 neska-mutileko muga zehaztu zen udalekuetarako. Halaber, izandako parte-hartze altua ikusita, Antxitxiketan taldeak aurrez izena eman duten eta Ermuan erroldatuta dauden edota Ermuko ikastetxeetan ikasten duten beste herrietako ume guztiak onartzeko konpromisoa hartu du, trukean ordain gehiturik jaso gabe.

Izan ere, legeari jarraiki, ezingo da udalekuen aurrekontua aldatu. Hori horrela, Antxitxiketanek aurreikusitakoa baino haur gehiagori eskainiko die zerbitzua aurrekontu berberarekin, ekainean eta uztailean egingo diren jardueren programazioa aldatuz. Hori guztia ikusita, Udalbatzak eskerrak eman nahi izan dizkio taldeari, inor kanpoan geratu ez dadin egindako esfortzuagatik eta erakutsitako borondateagatik.

Jarduera horiek helburu anitzak dituzte: batetik, parte hartzen duten pertsonei euskaraz hitz egiteko tartea eskaintzen zaie, derrigortasunetik at, bizitzako arlo ezberdinetan hizkuntzaren erabilera bultzatzeko; bestetik, laguntasuna ere indartu nahi da, neska-mutilen garapen osoa bultzatuz, baloreetan heziz, lagunenganako eta ingurumenarekiko errespetuan. Azkenik, famili-bizitza eta lana uztartzen laguntzen dute udalekuek ikastetxeetako jarduera jada amaitutzat ematen den hilabeteetan.

Horrela, udalekuetan parte hartzeko adinean dauden haurren %33k bete dute eskaera orria. Azpimarratzekoa da, gainera, izena eman duten familien %17,93ak (52) lehen aldiz parte hartzeko aukera izango duela Ermuko Udalak antolatutako jarduera horietan.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua
Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik