105 ekintzak osatzen dute 2018ko Santixau jaietako programa

02.07.18
Kultura eta Gazteria

Beatriz Gamiz Kultura, Berdintasun eta Euskara zinegotziak gure herriko Santixau jaietako 2018ko programa aurkeztu du gaur, astelehena. Programazioa datorren larunbatean, uztailak 14, hasiko da, eta hamalau egunez etengabeko dibertsioa bizitzeko aukera izango dugu.

Guztira 105 ekitaldik osatzen dute jaietako egitaraua, Ermuko Udalaren, Jai Batzordearen eta herriko 35 kirol, gizarte eta kultur elkarteren elkarlanari esker. Zinegotziak programazioaren “kalitatea eta aniztasuna” azpimarratu ditu, eta jaiak Ermuko hiritarren gustu ezberdinak asetzeko asmoarekin antolatu direla azaldu du.

Aurreko urteetan bezala, musika izango da Santixau jaietako protagonista handietako bat, eta pop, rock, jazz, folk, elektronikoa, klasikoa eta beste hainbat musika estiloz gozatzeko aukera aparta izango dugu herrian. Gainera, giroa animatzeko hiru kontzertu nagusi izango dira: Huntza (uztailak 14), Rulo y La Contrabanda Orihen herritarrekin batera (uztailak 21) eta Los Diablos (uztailak 27).

Bestalde, kirol ekitaldiak, elkarteek antolatutako txapelketa eta torneoak, paella lehiaketa tradizionala, sokamuturra eta su artifizialak ere izango ditugu, beste hainbat ekitaldiren artean.

Ohiko egitasmoen artean azpimarratzekoak dira txarangen arteko jokoak. Aurten uztailaren 16an hasiko dira, astelehena, eta hilaren 20ko playback emanaldiarekin amaituko dira. Egun batzuk geroago izango da jaien hasiera ofiziala, txupinazoaren eta txarangen desfilearekin batera. Aurten, Jesús Cimarro izango da txupineroa; Cimarro antzerki ekoizlea, Meridako Antzerki Jaialdiko zuzendaria eta Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako Zuzendaria da.

Berrikuntza gisa, haurrentzako ingelesezko joko eta ekimenak izango dira Kids & Us akademiaren eskutik, eta Eibar Rugby Taldeak 8 eta 14 urte arteko neska-mutilentzat rugbyan jokatzen ikasteko ariketak eskainiko ditu.

Beatriz Gamizek gogorarazi nahi izan du Ermuan erasorik gabeko jai giroa lortu nahi dela, pertsona guztiok festak berdintasunean eta errespetuz bizitzeko eskubidea izan dezagun.

Herriko jaiek 223.450 euroko aurrekontua dute aurten, eta horietatik 49.500 euro tokiko elkarteei diru-laguntzak emateko izango dira, ekintza desberdinak antolatu ditzaten. Gainontzeko kopurua ikuskizunak kontratatzeko, azpiegituretarako, baimenak lortzeko eta alokairuetarako erabiliko da.

Programa osoa laster banatuko da herriko etxe guztietara, baina jada kontsultatu daiteke lerro hauen ostean.

Gaur goizean Lobiano Kultur Gunean egindako aurkezpenaren bideoa eta irudiak uzten dizkizuegu.

Lotutako albisteak

Imagen
04.07.25
Bizkaia Gazteak Durangaldea jarduerak gazteriarekiko konpromisoari eutsiko dio

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du
Imagen
27.06.25
Santixauak 2025: ia ehun jarduerako egitarau anitza eta parte-hartzailea

Beatriz Gamizek aurkezpenean tokiko kolektiboen inplikazioa azpimarratu du eta bizikidetza, askatasuna eta errespetua eskatu ditu jai inklusibo eta seguruez gozatzeko
Imagen
26.06.25
Elektrojaia taldea XVII. edizioari ekiteko irrikaz

Ekainaren 27 eta 28ko ostiral eta larunbatean ospatuko da, Martxoak 8ko plazan eta Betiondon