Jaiak berdintasunean bizi: Ez beti da Ez

18.07.18
Berdintasuna

Ermuko Udaleko Berdintasun Sailak, Kultura Sailarekin eta herriko elkarte eta talde ezberdinekin lankidetzan, eraso sexistarik gabeko eta berdintasunezko jaiak lortzeko informazio eta sentsibilizazio jarduerak jarri ditu abian.

Ez beti da ez: jaietan, eraso sexistarik ez kanpainaren helburua herritarrak sentsibilizatzea da, jaiak diskriminaziorik, sexismorik eta eraso matxistarik gabe bizitzekoi eta gozatzeko. Gainera, erasoekiko eta mikromatxismoekiko tolerantziarik gabeko testuingurua eratu nahi da, eta jaietan emakumean euren gozamenaren jabe izatea bultzatu.

Izan ere, emakumeek festarako gizonek adina denbora izan behar dute, baita askatasun, segurtasun eta errespetu berbera ere. Horretarako, beharrezkoa da pertsona guztiak euren beharrez arduratzea, eta emakumeak “derrigorrez” zaintza horien kargu egin behar dutenak ez izatea. Orokorrean, pertsona guztiok jaiak berdintasunean bizi ahal izatea, eta Ez beti dela Ez gogoan izatea, baita Santixauetan ere. Jai giroan, izan ere, pertsonen arteko harremanak modu biziagoan jazotzen dira, baina gogoan izan behar da BAI argi bat ez badago, ez dagoela baimenik.

Kaleak, gauak, egunak, jaiak… pertsona guztion gozamenerako dira. Alkoholaren edo bestelako drogen abusuak ez du inoiz eraso bat justifikatzen. Erasoak gertatzen badira, edozein intentsitatekoak direla ere, pertsona guztiok gaitzetsi eta salatu behar ditugu, aurre egin behar izaten dieten emakumeekiko errespetuz eta solidaritatez. Izan ere, eraso guztiak kaltegarriak eta onartezinak dira, eta bat bera ere ezin da erantzunik gabe utzi.

Bestalde, eta eraso sexista/matxisten aurrean zero tolerantzia izatearen mezuari lotuta, Ermuak badu jada genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeen arreta hobea emateko lehenengo udal protokoloa, erakundeen arteko jarduerarako eta koordinaziorako. Udal protokolo hori ikusgarri dago webgunean, eta modu orokorrean zehazten eta arautzen du genero indarkeria eta sexu erasoen kasuan jarraitu beharreko pausoak. Tartean, parte hartzen dute zerbitzu medikuek, gizarte-zerbitzuek eta segurtasunekoek.

Gainera, Santixau jai hauetarako protokolo jakin bat garatu da sexu indarkeria kasuetan jarduteko eta Ermuko Udaleko Hiritarren Segurtasun alorrarekin koordinatzeko, Jaietan eraso sexistarik ez lelopean.

Protokolo horren bitartez gogorarazten zaigu emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzea denon ardura dela, eta gerta daitezkeen erasoak salatzera animatzen da. Gainera, erasoren bat ikusiz gero, laguntza eskaintzera bultzatzen gaitu protokoloak.

Kanpaina honi indar gehiago emateko, pankartak jarri dira udaletxeko balkoian eta Orbe Kardinala plazan, informazioa emateko 80 kartel jarri dira herrian zehar eta Ez beti da Ez mezua daramaten 3.000 pultsera banatuko dira, besteak beste.

Nola jokatu eraso baten aurrean

  • Egoerak hala eskatzen badu eta emakumeak ezin badu egin, berehala larrialdiko laguntza eskatu behar da Udaltzaingoaren (943 17 63 00), Eibarko Ertzaintzaren (943 53 17 00) edo larrialdi zerbitzuen (112) 24 orduko telefono zerbitzuetara deituz.
  • Kontuan izan behar da emakumeak ez direla biktima pasiboak. Kasurik larrienetan izan ezik, erasoari aurre egin eta nola jokatu erabaki dezakete. Hori horrela:
    • Erasoa jasan duen neskarengana jo, ongi ote dagoen galdetu, lasaitu eta laguntza eskaini behar zaio.
    • Inguruan jendea pilatzea eta zurrumurruak zabaltzea ekidin behar da.
    • Inorentzat arriskutsua ez bada, erasotzailea topatu eta erretenitu behar da, identifikatu ahal izateko.
    • Emakumeak laguntza onartzen badu, 112 zenbakira edo Udaltzaingora deitu behar da, eta leku lasai eta seguru batera eraman.
  • Udaltzaingoaren bulegoetara jo daiteke, udaletxeko beheko solairuan. Jaietan, egunero zabalik egongo dira eguneko 24 orduetan.
  • Mezu bat bidali daiteke casadelamujer@udalermua.net helbidera, edozein eraso sexistaren berri eman edo salatzeko. Horrela, arazo horrek gure herrian duen indarra ezagutu dezakegu, eta etorkizunari begira hori murrizteko programak aurkezteko aukera emango digu.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan