88 neska-mutilek parte hartuko dute larunbat honetan Gazte Robotika txapelketan

21.09.18
Ekonomi Sustapena

Hemen dugu jada Gazte Robotika, Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren II. edizioa. Izarra Centre izango da dibertsioz eta ikaskuntzaz osatutako goizaren eszenatoki, larunbat honetan, irailak 22. Debabarrenako 88 umek parte hartuko dute lehiaketako bi modalitateetan, garaipena eskuratzeko helburuarekin.

Ekimena 09:30ean hasiko da kamiseta banaketarekin, Juan Carlos Abascal alkatearen ongietorriarekin eta parte-hartzaile guztien argazki erraldoiarekin. Txapelketa, aldiz, 10:00etan abiatuko da Izarra Centreko 5. eta 11. solairuetan.

Bosgarren solairuan 1vs1 Game erronkan parte hartuko duten haurrak bilduko dira, eta hamaikagarren solairuan, aldiz, Kolore Kolore jardueran lehiatuko dira. 41 taldetan banatutako 88 umek parte hartuko dute Gazte Robotikan, eta 13:00etan amaituko dute euren lana. Ondoren, txapelketari amaiera emateko, sari banaketa egingo da, eta modalitate bakoitzeko hiru talde onenak aukeratuko dira.

Hezkuntza ekimen honen helburu nagusia Debabarrenako gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikekiko interesa piztea da, STEAM deitzen diren gaitasunetan, alegia, modu praktiko eta dibertigarrian.

Haurrentzako jarduera dibertigarriak Izarra Centren

Gazte Robotika txapelketak irauten duen bitartean, Izarra Centreko laugarren solairua jolasteko eta ongi pasatzeko gune bihurtuko da herriko gaztetxo guztientzat. Eraikineko enpresa teknologikoen haztegian kokatzen den Omnis e-Sports enpresak honako ekintzak antolatu ditu:

  • MakeyMakey kontrol alternatiboekin esperimentazioa: parte-hartzaileek ordenagailuari konektatutako robot txiki bat programatzeko aukera izango dute, soinuak eta argiak emititu ditzan. Programazioa eta sormena uztartzen ditu jarduera honek, Lego piezekin objektuak sortu eta programatu baitaitezke.
  • Minecraftekin diseinua eta 3D inpresioa: modu dibertigarrian eta ordenetan oinarritzen den sistema operatzaile sinple batekin ikasiko dugu, Minecraft bideojoko famatua erabiliz. Gainera, 3D inpresioa enpresen artean gero eta hedatuago dagoen teknologia berria da; hori horrela, parte-hartzaileek nola funtzionatzen duen ikusi eta ordenagailuan diseinatzen dituzten piezak sortu ahalko dituzte.
  • Kamera, bideo ekipoa eta chroma: croma edo kolore klabea zinean, telebistan nahiz argazkilaritzan asko erabiltzen den ikus-entzunezko teknika da. Neska-mutilek gehien gustatzen zaien markoa edo fondoa hautatuko dute bertan agertzeko, eta aditu baten laguntzaz euren burua grabatuko dute.

Bestalde, Iruña Group enpresak robot laguntzaile bat ekarriko du gaztetxoek ikus dezaten, pixkanaka, robotikaren mundua industrian leku handia hartzen ari dela eta robotek pertsonei lagundu ahal dietela euren lanak burutzen.
Ekimen horiek guztiak doakoak dira eta teknologia berriekin batera ongi pasatu nahi duten ume eta gaztetxo guztientzat zabalik egongo dira.

Parte hartzen duten enpresen erakusketa eta babesleak

Izarra Centren kokatzen diren enpresek eraikinaren sarrerako videowallean bideoak jarriko dituzte Gazte Robotikak irauten duen bitartean. Horrela, herritarrek instalazioan burutzen diren jarduera ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute.

Ekimenak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien, Laboral Kutxaren, La Caixaren, SD Eibarren eta SPRIren babesa jasotzen du. Gainera, parte hartzen duten enpresen artean ingurukoak ere baditugu, Mallabiako Precimontajes, esaterako, industriaren garapenerako robotika erabiltzen duen makinaria diseinu eta eraikuntza enpresa.

Hurrengo helburua: Ermua IS-Team

Izarra Centrekjo laugarren solairuan, era berean, Ermua IS-Team ekimenaren inguruko informazioa eskaintzeko stand bat kokatuko da. Jarduera hori azaroaren 2an eta 3an eta abenduaren 27an, 28an eta 29an izango dugu herrian, eta biztanleria guztiarentzat zientzia esperimentu dibertigarriak eta hitzaldi eta tailer interesgarriak antolatuko dira.

FECYTen laguntzaz finantzatutako ekimena da Ermua IS-Team, eta proposatuko diren jardueretan parte hartzeko haur eta gaztetxoen bila izango da larunbat honetan Izarra Centren. Horrela, Epicollect5 aplikazioa deskargatzera eta fitxa bat betetzera animatuko dira gerturatzen direnak, eta trukean kanpo-memoria bat jasoko dute.

Ermua IS-Teamen izena emateko orria eskuragarri izango da stand horretan, eta larunbatean bertan nahiz astelehenetik aurrera -irailak 24- Torreta etxean entregatu ahalko da.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren