Abortu libre eta doakoaren aldeko marea berdea
Irailaren 28an, ostirala, Abortatzeko Eskubidearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta modu seguruan, dohainik eta legalki abortatzeko eskubidea aldarrikatzeko egun garrantzitsua da. 1990etik ospatzen da jardunaldi hau, Karibeko eta Latinoamerikako elkarte feministei esker, eta Udaleko Berdintasun Alorrak ere egun honekin bat egin nahi izan du. Horrela, herri guztian zehar abortuaren aldeko “marea berdearen” kartelak jarri dira, oraindik ere mundu osoan oso beharrezkoa den borroka gogorarazteko eta emakume guztiek euren amatasunaz erabakitzeko eskubidea izan dezaten lortzeko.
Errusia izan zen emakumeek abortatzeko eskubidea lortu zuten lehenengo herrialdea, 1920an, errebolta sozialistaren barnean. Isilpeko abortatzeen ondorioz emakume gehiago ez hiltzeko onartu zen eskubide hori, eta edozein osasun zentro publikotan egin ahal zitekeen praktika bilakatu zen. Gaur egun, abortatzea legezkoa da munduko 50 herrialde baino gehiagotan, emakumeen antolakuntzari eta mobilizazioei esker. 32 herrialdetan baino ez da ilegala, edozein dela egoera ere.
Espainiar estatuan, abortatzea zigortuta dago, eta azken hilabeteetan hainbat atxiloketa, mehatxu eta auzipetze izan dira emakumeen eta haurdunaldiaren borondatezko etenaldia egiten duten klinika pribatuetako medikuen artean; izan ere, osasun publikoak abortuen %3a baina ez baitu hartzen bere gain.
Garbi dago abortatzea zailtzeak eta oztopoak jartzeak ez duela abortu kopurua murrizten, eta legezkoa den lekuetan, emakumeen hiltzeko arriskua ia desagertu egiten da. Abortua legeztatzeak eta emakumeei bidea errazteak munduan egunero milaka pertsona hiltzea ekidingo luke.
Hori guztia esanda, abortatzeko eskubidea zuzen eta argi aitortzearekin batera, haurdunaldia ez amaitzeko eta boluntarioki eteteko aukera izan behar dute emakumeek, baldintza seguruetan, euren egoera edozein dela ere. Halaber, beharrezko baliabideak eskaini behar dira abortua praktikatzean hirugarren pertsonen balorazio eta epai moralek oztoporik jarri ez dezaten, eta osasun zerbitzu publikoan beharrezko tresneria egon dadin.
Egindako ibilbide guztiaz gain, informazioa eta hezkuntza dira nahi gabeko haurdunaldiak ekiditeko tresnarik onenak; beraz, berebizikoa da sexu eta erreprodukzio osasunerako politika eta neurri osoak indartzea, emakumeen giza eskubide bezala aitortzean oinarrituta. Garrantzitsua da, gainera, antisorgailu mota ezberdinen inguruko informazioa ematea eta horiek lortzeko erraztasunak eskaintzea emakumeei.
Azkenik, azpimarratzekoa da gaztetxoek txikitatik hezkuntza afektibo-sexuala eta sexualitatearen inguruko orientazioa jasotzearen garrantzia, hezkuntza planen barnean, aurreiritzi sexistarik eta eredu matxistarik gabe.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan