Hemen da Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren edizio berria

02.10.18
Berdintasuna

Beldur Barik programak Beldur Barik Jarrera lehiaketa ezagunaren bederatzigarren edizioa antolatu du. Emakumeek jasaten dituzten bereizkeria-egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartzea, baloratzea eta bultzatzea da ikus-entzunezko lehiaketa honen helburua, eta parte-hartzaileek ezberdintasun egoerei errespetuz, parekidetasunez, askatasunez, autonomiaz, elkarkidetzaz eta indarkeria sexista irmoki baztertuz aurre egiten dietela erakutsi behar dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ikasten duten 12 eta 26 urte arteko pertsona guztiei zuzenduta dago lehiaketa, eta banaka nahiz taldeka parte hartu daiteke, pertsona edo taldeko gehienez ere hiru lan aurkeztu daitezkelarik. Mota guztietako arte adierazpenak onartzen dira ikus-entzunezko formatuan aurkezten badira: flashmobak, kamera aurrean irakurritako poemak eta testuak, bideoklipak, argazkiak, foto-muntaiak, lipdubak, eta abar. Garrantzitsuena da proiektuek Beldur Barik jarrera islatzea eta emakumeen aurkako indarkeria modu ezberdinak gainditzeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa erakustea. Hori guztia, harreman libreak, errespetuzkoak, berdintasunezkoak, anitzak eta ez sexistak eraiki ahal izateko.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, lanaren kalitate teknikoaz eta artistikoaz gain, mezuaren kalitatea, emakumeen jabekuntzaren inguruko gogoeta eta eztabaida eragiteko duen gaitasuna eta gizonezkoek matxismoaren aurka duten konpromisoa hartuko dira kontuan lanak baloratzeko unean. Horretaz gain, euskararen erabilera eta azpitituluak gehitzea positiboki baloratuko dira, entzumen arazoak dituzten pertsonei mugak ezabatzeagatik. Lan guztiek oinarriak bete beharko dituzte, besteak beste, lehiaketaren helburuak islatzea, originalak izatea eta aurrez beste lehiaketetara aurkeztu gabeak izatea.

Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: 12 eta 17 urte artekoak, eta 18 eta 26 urte artekoak. Bi kategorietako lan guztiak ikus-entzunezko formatuan aurkeztu beharko dira, gehienez ere 5 minutuko iraupenarekin, YouTube edo Vimeo bezalako bideo plataforma bateko lotura baten bitartez eta Beldur Bariken webgunean galdetegi bat beteta. Parte hartzeko epea azaroaren 9an amaitzen da, ostirala.

Lehiaketan saritutako lanak azaroaren 24an, larunbata, ezagutuko dira oraindik zehaztu gabe dagoen Arabako udalerri batean ospatuko den Beldur Barik Topaketan.

Bi kategorietan, 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia banatuko dira. Gainera, ikus-entzunezko produkzio onenaren saria eta parte hartzeari saria ere emango dira, bakoitza 300 eurokoa.

Emakundek gazteen arteko indarkeria sexista saihesteko asmoz antolatzen du ekimen hau urtero, eta Eudelen, EAEko Foru Aldundien, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Hezkuntza Sailen, EITBren eta EHUren laguntza jasotzen du.

Herri mailako lehiaketa Ermuan

Erkidego osoan egingo den lehiaketaz gain, Ermuko Udaleko Berdintasun sailak Beldur Barik jarrera sariketara aurkezten diren herritarren lanik onenak sarituko ditu.

Lehiaketaren oinarri orokorrak berdinak dira bi kategorietan, eta 300 euroko bi sari banatuko dira (lehiaketaren sari nagusiarekin bateragarriak izango dira).

Azaroaren 22an, osteguna, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat, Ermua Beldur Barik jaialdia ospatuko da Lobiano Kultur Gunean, eta herriko lagunen lanak aurkezteaz gain, saridunak zeintzuk izan diren iragarriko da.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan