Tripontziak ekimen gastronomikoaren bosgarren edizioa egingo da Debabarrenan

06.11.18
Gizartea

Debabarrena eskualdeko bederatzi jatetxek parte hartuko dute azaroaren 9tik 25era izango den Tripontziak ekimen gastronomikoaren bosgarren edizioan. Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarrenako Klub Gastronomikoak antolatu dute egitasmoa.

Bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada ematea eta Debabarrenako jatetxeak eta produktuak balioan jartzea ditu helburu ekimen honek.

Bosgarren edizio honetan honako bederatzi jatetxek parte hartuko dute: Ermuko Mendiola, Eibarko Azitain Erretegia, Elgoibarko Belaustegi, Debako Urgain eta Bordatxo, Itziarko Hostal Itziar eta Kanala, Lasturko Taberna eta Mutrikuko Pikua.

Guztiek garaian garaiko eta bertako produktuekin osatutako menu erakargarriak eskainiko dituzte prezio berezian, 28 euro, BEZ barne, Tripontziak menuaren truke: lehen plater bat, bi edo hiru plater nagusi eta postrea, baita kafea eta edaria ere. Honela, bertako nekazari eta ekoizleen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da. Produktu horien artean izango dira, besteak beste, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea.

Jatetxe bakoitzak eskainiko duen menua Debabarrena Turismoren webgunean kontsulta daiteke. Horiek dastatzeko, beharrezkoa da aldez aurretik jatetxera deitu eta erreserba egitea Tripontziak Menua aipatuz.

#Tripontziak lehiaketak sare sozialetan

Aldi berean, azaroaren 9tik 25era bitartean, Debabarrena Turismok Twitterren, Instagramen eta Facebooken dituen profilen bitartez, lehiaketak abiatuko dira herritarren parte-hartzea sustatu eta saritzeko helburuarekin.

Twitterren eta Instagramen, erabiltzaileek argazkiak partekatu beharko dituzte euren “Tripontziak” unea erakutsiz, txioan #Tripontziak etiketa erabiliz eta jatetxearen izena aipatuz. Facebooken, aldiz, nahikoa izango da Debabarrena Turismoren orrialdean “Atsegin dut” botoia sakatzea eta #Tripontziak uneko argazkiak partekatzea.

Halere, sare sozialen erabiltzaile ez direnek ere izango dute aukera sariak eskuratzeko. Horretarako, Tripontziak Menua dastatu duten jatetxean zozketako kupoia eskatu beharko dute, harremanetarako euren datuekin bete eta establezimenduan bertan entregatu.

Parte-hartzaile guztien artean sari ugari zozkatuko dira: Tripontziak egonaldi bat (ostatu-gau bat eta gosaria, bi pertsonarentzat, Debabarreneko nekazaritza-turismoko establezimendu xarmangarri batean, eta Tripontziak menu bat bi pertsonarentzat); Tripontziak menuak bi pertsonarentzat, eta Mendaroko Txokolate-sorta ederrak.

Lotutako albisteak

Imagen
15.07.25
Udalbatzak gaur ezohiko Osoko Bilkura izango du

Gai-zerrendak hamalau puntu ditu; horien artean, kredituak gehitzeagatik aurrekontua aldatzea, Lobiano erabiltzeko erregelamendua, 2025eko Lanpostu Zerrenda aldatzea edo erakundeko euskara normalizatzeko plan estrategikoa onartzea
Imagen
10.07.25
Azaleko minbizia prebenitzeko modurik onena, eguzkitik babestea da

Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta herriko boluntarioak informazioa eta gomendioak emango dituzte gaur Betiondon
Imagen
09.07.25
‘ZainSare’ programaren hiru udalerri pilotuetako bat izango da Ermua

Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu du gaur, Arrasate eta Amurriorekin batera