Ermuak indarkeria matxistari EZ
Igande honetan, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Gizarteak edozein motatako indarkeria matxistaren aurka duen konpromisoa eta egiten duen esfortzua islatzen da, hain zuzen, borrokarako eta aldarrikapenerako egun horretan. Ermuko Udaleko alderdi politiko guztiek erakunde adierazpena onartu dute, eta bertan, Ermuko bizilagunek ezetz esaten dute: “Ez gaude prest emakumeen kontrako indarkeria gauza naturaltzat hartu beharreko ohitura edo albiste moduan onartzeko, naturala ez delako”. Era berean, adierazpenean zehazten denez, “behin eta berriz agertu dugu gizarte berdintasunezkoagoa eta indarkeria matxistarik gabekoa lortzeko gure konpromisoa, bereziki Ermuan”.
Indarkeria matxistaren aurkako azaroaren 25eko kanpaina Berdintasun alorrak eta Emakumearen Topalekuak bultzatzen duten garrantzitsuenetako bat da. Herriko elkarte eta talde feministekin elkarlanean antolatzen den kanpaina da; horiek urte osoan zehar lan egiten dute hiritarrak sentsibilizatu eta praktika txarrak baztertzeko. Aste honetarako, baina, programa berezia prestatu da herrian ekimen ezberdinak burutzeko.
Nagusi eta garrantzitsuena azaroaren 25eko kontzentrazioa izango da, igandean 13:00etan Orbe Kardinala plazan egingo dena. Urtero bezala, erakunde adierazpena irakurriko da plazako kioskoan, eta ekimenak ordu erdi inguru iraungo duela espero da.
Bestalde, Emakumearen Topalekuak azaroaren 30era arte erakusketa bat izango du ikusgai, Cristina Chiquin: La búsqueda, mujeres guatemaltecas que reclaman justicia izenpean. Lagun Artean Elkarteak antolatutako argazki sorta Topalekuaren ohiko ordutegian bisitatu ahalko da. Leku berean, azaroaren 29an, osteguna, kontaketa saioa egingo da 19:00etatik aurrera Aiz eta Boni Ofogo: Emakume afrikarrak izenburupean.
Ermua Beldur Barik jaialdia
Azaroaren 25eko ekintzen programaren barnean, ostegun honetan, hilak 22, Ermua Beldur Barik Jaialdiaren IX. edizioa ospatuko da. Epaimahaiak jada ikusi ditu herriko lehiaketara aurkeztu diren bederatzi lanak, eta ostegun honetan banatuko dira sariak 18:00etan Lobiano Kultur Gunean hasiko den ekitaldian. Kategoria bakoitzean 300 euroko sari bat banatuko da. Irabazleak ezagutu ostean, Puro Luego talde bilbotarrak kontzertua eskainiko du bertaratzen diren guztientzat.
Larunbatean, bestalde, azaroak 24, Beldur Barik Topaketaren IX. edizioa izango da Gasteizen. Ekintza horretan parte hartu nahi izanez gero, informazioa eskatu Emakumearen Topalekuan, Ermutik autobusa antolatu baita.
Ezpainzapi eta pegatina bereziak
A25eko kanpainaren alde grafikoari begira, Ermuko Udalak 240.000 ezpainzapi banatu ditu herriko ostalaritza establezimenduen artean, Ermua, eraso sexistarik gabeko herria. Zure papera funtsezkoa da leloarekin. Gainera, horrekin batera, parte hartuko duten lokalek kanpainako kartela jarriko dute euren instalazioetan. Irudi biak lerro hauen osteko argazkietan ikus daitezke.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, udal eraikin ezberdinetan binilo batzuk kokatu dira Ez naiz zurea, nirea naiz mezuarekin. Euskarazko nahiz gaztelerazko mezu eta irudiak zoruan jarri dira Abiapuntun, Ermua Antzokian, liburuegian, Udal Euskaltegian, M.A. Blanco kiroldegian, Miguel de Unamuno gizarte zentroan eta Emakumearen Topalekuan. Abenduko lehenengo astera arte egongo dira ikusgai mezuak.
Azkenik, aurreko urteetan bezala, udaletxea, Emakumearen Topalekua eta Ermua Antzokia kolore morez argiztatuko dira azaroaren 25ean.
Gomendatutako irakurketen gida
Azaroaren 25eko kanpaina osatu eta biribiltzeko, Udal liburutegiak eta Emakumearen Topalekuak elkarlanean emakumeenganako indarkeriaren kontra egiteko materiala biltzen duen irakurketa gida prestatu dute. Gidak gaiaren inguruko hainbat material biltzen ditu: araudia, baliabideen gida, literatura, laguntza gidak, web-guneen helbideak, gaia jorratzen duten musika abesti eta filmak, eta beste abar luze bat.
Gidaren osagarri, hainbat materialarekin erakusketa jarriko da liburutegian. Erakusketa abenduaren 5era arte mantenduko da.
Gainera, azaroaren 25an leihoetan jartzeko lila koloredun kartelak banatuko dira.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan