Guztia prest Euskaraldiari ekiteko
Bi egun baino ez dira gelditzen Euskal Herri osoan Euskaraldiaren lehenengo edizioari hasiera emateko, ostiral honetan, azaroak 23. Ermuko 600 pertsona baino gehiagok jada izena eman dute ekimenak irauten duen 11 egunetan zehar, behintzat, euskararekiko duten konpromisoa erakusteko. Izan ere, euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea eta era guztietako entitateek euskara bultzatu ahal izateko neurriak hartzea du helburu egitasmo honek.
Ekimen berritzaile honetan parte-hartzaileak bi roletan banatuko dira:
- Ahobizi: euskaraz hitz egingo diet ulertzen duten guztiei, haiek gazteleraz erantzun arren, eta ezagutzen ez ditudan pertsonei lehen hitza euskaraz egingo diet.
- Belarriprest: euskaraz dakiten guztiei nirekin euskaraz aritzeko gonbitea luzatuko diet. Euskara ulertzen dudala adieraziko diet eta nirekin euskaraz hitz egiteko eskatuko diet; nik euskaraz edo erdaraz erantzungo dut.
Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten pertsonek euren rolarekin identifikatzeko txapa bat eramango dute ikusgai azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, hain zuzen. Txapak honako leku eta ordutegietan jaso daitezke:
- Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, Euskara Zerbitzuan, liburutegi zaharrean.
- Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 13:00etara, Udal Euskaltegian.
- Astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:00etara, AEK Kaltxango Euskaltegian.
- Ostegunean, azaroak 22, 18:00etatik 20:00etara Orbe Kardinala plazan kokatuko den informazio postuan.
- Ostiraleran, azaroak 23, 21:45etik 22:15era Ermua Antzokian, Santa Zezilia Jaialdian. Ikuskizunaren ostean ere jaso ahalko dira.
Oraindik ez baduzu ahobizi edo belarriprest gisa izena eman, jo ezazu Euskaraldiaren webgunera eta hautatu ezazu zure rola.
Ekintzen programazio berezia
Ekimen honen helburua gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea da. Horrela, parte hartzen duen pertsona bakoitzak bere inguruan eta bere ohiko harremanetan euskara erabili dezan bultzatu nahi da: familian, lagunekin, lanean, eskolan, dendetan…
Hamaika egun hauetarako, Ermuan ekintza ezberdinak antolatu dira: ikuskizunak, pintxo-poteak, bazkariak, dantzaldiak, txangoak eta abar.
Ekintzen egutegi osoa lotura honetan kontsultatu daiteke.
Soziolinguistika inkestak
Euskarak eta Euskaraldiak gure inguruan duten edo izango duten eragina neurtzeko, antolatzaileek soziolinguistikako hiru inkesta pasatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean. Lehenengoa jada bete daiteke lotura honi jarraiki. Bigarrena mezu elektroniko bidez bidaliko zaie partaideei Euskaraldia amaitu eta astebetera, eta hirugarren eta azken galdetegia hiru hilabete geroago bidaliko da.
Oso garrantzitsua da inkesta horiek betetzea egitasmoaren eragina neurtu eta ondorio zehatzak ateratzeko: nola bizi izan den Euskaraldia, zer izan den zailena eta zer errazena, gure hizkuntza ohiturak aldatu ote ditugun… Animatu zaitez eta parte har ezazu!
Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Euskaraldiaren webgunea edo egitasmoaren Ermuko bloga.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik