Euskaraldia azken txanpan sartu da!
Euskaraldiaren lehenengo edizioak lan erdiak igaro ditu, eta azkeneko sprinta baino ez da gelditzen. Euskal Herri osoko milaka pertsonak egin dute bat ekimen berritzaile honekin, euskararekiko dute konpromisoa erakutsiz. Horrela, euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko hizkuntza ohituren aldaketan lan egin nahi da, eta era guztietako entitateek euskara bultzatzeko neurriak hartzea.
Ermuan guztira 908 pertsonak eman dute izena egitasmo honetan parte hartzeko, eta pasatu den azaroaren 23tik, bi rol ezberdinetako batekin aurkezten dira munduaren aurrean: ahobizi (579 pertsona) edo belarriprest (329 partaide). Ahobizi gisa identifikatzen diren pertsonek euskaraz hitz egiten diete hizkuntza ulertzen duten guztiei, erantzuna euskaraz nahiz gazteleraz jaso, eta lehen hitza beti euskaraz egiten saiatzen dira. Belarriprestek, aldiz, eurekin euskaraz egiteko eskatzen diete guztiei, euskaraz edo gazteleraz erantzun arren.
Rolak erraz asko identifikatu daitezke parte-hartzaileek euren txamarretan, poltsetan edo bufandetan erakusgai eramaten dituzten txapei esker. Esperimentu dibertigarri hau abenduaren 3an, astelehena, amaituko da, Euskararen Nazioarteko Egunean, eta horren ostean Euskaraldiaren 11 egunetan bizitakoa aztertzeko unea izango da.
Ekimen honen helburua gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea da. Horrela, parte hartzen duen pertsona bakoitzak bere inguruan eta bere ohiko harremanetan euskara erabili dezan bultzatu nahi da: familian, lagunekin, lanean, eskolan, dendetan…
Animazio ekintzen programa
Euskaraldiaren azken txanpa honetan, kultur ekitaldi ezberdinez gozatzeko aukera izango dugu gure herrian.
Ostiral honetan, azaroak 30, esaterako, antzerki-zaleek Txarriboda obra izango dute ikusgai 22:15etik aurrera Ermua Antzokian.
Bestalde, larunbatean, abenduak 1, festa izango da nagusi herriko kaleetan eta Ermuan Kantuan ekimenak girotuko du eguerdia 12:30etik aurrera Orbe Kardinala plazatik abiatuta. 14:00etan, argazki erraldoia aterako da plazan bertan, eta jarraian, indarrak berreskuratzeko, kantu bazkaria egingo da Merkatu Plazan. 17:30etik aurrera, Maskaradun DJak jarriko du musika.
Abenduaren 3an, astelehena, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Orbe Kardinala plazan Mintzodromoa prestatuko da 16:30etik aurrea, euskaraz hitz egin nahi duten pertsona guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Etxeko txikienek ipuin kontalari saioa izango dute 17:00etatik aurrera, eta 18:00etan musika eta dantza izango dira protagonista. Eguna bukatzeko, 19:00etan Euskaraldiari agur esango diogu Orbe Kardinala plazan.
Programa osoa ikus dezakezue lerro hauen ostean uzten dizuegun kartelean.
AEK Kaltxango, Euskaraldiarekin bat
Ermuko Kaltxango AEK euskaltegiko irakasleek eta ikasleek ere bat egin dute euskararen aldeko ekimen eder honekin. Horrela, Zearkalea 16 helbidean duten ikastegi berrian ateratako argazki batzuk helarazi dizkigute.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik