Sonia García ermuarra garaile Martxoaren 8ko kartel lehiaketan
Matxismoak lehertu egiten nau (El machismo me revienta) obrak jantziko du 2019ko Emakumeen Nazioarteko Eguna Ermuan. Sonia García Fuentes herritarraren lanak irabazi du kartel lehiaketa, epaimahaiaren aho bateko botoekin.
Teknika grafiko digitalekin egindako kartela da, eta freskoa, konposaketa garbikoa eta sinbologia feminista indartsua duen lan gisa definitu du epaimahaiak. 50-60 hamarkadetako iragarki klasikoetako emakumea oroitarazten duen irudia da, mantala jantzita eta erretilua daramala. Bertan ez darama, ordea, pastelik, piztutako bonba itxura duen sinbolo feminista baizik. Zapi more batekin estaltzen du aurpegia, eta begi batekin keinu eginez, gertutasuna eta laguntasuna adierazten du emakumeak.
Hainbat elementu berriro definitzen ditu kartelak, hala nola, mendekotasuna eta gozotasuna (emaztea, etxeko andrea, ama), eta indarra eta errebeldia (emakume feminista, bere eskubideen aldeko borrokalaria).
Kartel irabazlea Ermuko Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunerako prestatuko dituen poster, argitalpen eta esku-orrietan egongo da ikusgai, eta egileak 600 euroko diru saria eta diploma jasoko ditu.
22 pertsonak egindako 28 lan aurkeztu dira 2019ko kartel lehiaketara, eta emakumeen parte-hartzea gizonezkoena baino altuagoa izan da aurtengoan: 15 emakume eta 6 gizon. Gainera, lanetako bat elkarlanean egina izan da (emakume bat eta gizon bat).
Partaide gehienak, 15, Euskaditik iritsi dira (9 Bizkaitik eta horietatik 7 Ermutik). Beste lanak Kataluniatik (2), Madrildik (2), Gaztela Leondik (1), Valentziar Erkidegotik (1) eta Murtziatik (1) bidaliak izan dira.
Lehiaketara aurkeztu diren obra guztiak Emakumeen Topalekuan izango dira ikusgai martxo osoan zehar.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan