‘Planto feminista’, Martxoak 8ko agendako ardatza
Ostiral honetan, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, emakumeen memoria eta horiek utzitako arrasto feminista gogorarazi eta ikusarazteko helburua duen aldarrikapenekin. Bizitzak erdigunera. Emakumeok planto! lelopean, greba feminista izango da eguneko ardatza. Emakumeen eskubideen aldeko planto feminista bost alorretan zehazten da: zaintzak, lan mundua, ikasleak, pentsiodunak eta kontsumoa.
Erakunde adierazpena
Ermuko Udalak Eudelek proposatutako Martxoaren 8ko erakunde adierazpena onartu du Bozeramaileen Batzordearen bitartez. Testu horretan 2018ko Martxoaren 8ko emakumeen lan-etenaldiak ditu gogoan, horien bitartez kaleak bete baitziren emakumeek beren aukera-berdintasuna aldarrikatzeko abiatutako borrokak atzera bueltarik ez zuela adierazteko.
2019an ere indarrean jarraitzen dute emakumeen aldarrikapenek, Bizitzak erdigunera! lelopean. Aurten ere, emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko eskaerak kaleak hartuko ditu. Beharrezkoa da emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea, eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egitea.
Hori horrela, Udalak berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko politika publikoak burutzeko ardura hartzen du, eta udaleko emakumezko hautetsiei eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emango dizkie.
Martxoaren 8ko programa
Martxoaren 8a, ostirala, Emakumeen Nazioarteko Eguna da, eta aldarrikapen ekintza ezberdinak izango ditugu herrian, Mugimendu Feministak deitutako greba ardatz. Lehenengo ekitaldia Planto feminista kontzentrazioa izango da 11:00etan Martxoak 8 plazan. 14:00etan, bazkari autogestionatua egingo da Orbe Kardinala plazan, eta gune feminista antolatuko da bertan. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, manifestazioa egingo da herriko kaleetan zehar, eta plazako kontzentrazioarekin amaituko da. Ekitaldi horretan lore-sortatxo moreak banatuko dira.
Gauez, udaletxea, Ermua Antzokia eta Emakumeen Topalekua morez argiztatuko dira, eta horrela mantenduko dira asteburu osoan zehar.
Ekintzak hilabete osoan zehar
Ermuko Emakumeen Topalekuak ekintza kulturalez jositako egitaraua antolatu du hilabete osorako, Martxoaren 8a dela eta. Horrela, hilaren 1etik 29ra, martxoaren 8ko kartel lehiaketara aurkeztutako kartelen erakusketa izango da ikusgai Topalekuan bertan. Era berean, Lobiano Kultur Gunean Berdintasunerako bide luzea: Euskadiko emakumeak XX. mendean argazki galeria ikusi ahalko da, Mario Onaindia Fundazioaren eskutik. Erakusketa martxoaren 12a arte egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara, eta aurkezpen ofiziala martxoaren 6an, asteazkena, izango da 19:00etan.
M8 Asanbladak informazio mahaiak kokatuko ditu Zubiaurre kalean martxoaren 7ra bitartean, Bizitzak erdigunera! greba feministaren inguruko xehetasunak eskaintzeko. Ostegunean bertan, 16:30etik aurrera, tribial feminista partida jokatuko da Emakumeen Topalekuan, eta ongien sailkatzen direnentzat sariak egongo dira.
Martxoaren 8ko aldarrikapenen ostean, igandean, hilak 10, emakumeentzako Lilatoi lasterketa egingo da Donostian, eta Ermuko taldetxo bat izango da bertan.
Martxoaren 13an, asteazkena, antzerkia izango da nagusi, eta Lyceum Club taldeak La dramática errante obra antzeztuko du Ermua Antzokian. Kulturaz eta ausardiaz Espainian feminismoaren oinarriak ezarri zituzten emakumeei omenaldia egiten die antzezlanak. 20:30ean hasiko da obra, eta sarrerak salgai daude 10 euroren truke Lobianon eta Kutxabanken webgunean.
Zine programazioak ere bat egingo du egitarau honekin, eta hil honetan zehar emakumeek zuzendutako filmak, Laburbira -martxoaren 21ean- eta Fabricando mujeres dokumentala izango dira ikusgai. Azken hori Lobianon eskainiko da martxoaren 26an 18:00etatik aurrera.
Azkenik, Jabekuntza Eskolak autodefentsa feminista tailerra eskainiko du martxoaren 29an eta 30ean. Izen-ematea Emakumeen Topalekuan bete daiteke, eta matrikulak 5 euroko prezioa du.
Egitaraua El machismo me revienta izeneko kartelak ilustratzen du, Sonia Garcia herritarrak egina, aurtengo lehiaketako irabazle suertatu dena.
Gomendatutako irakurketen gida
Urteko bezala, Emakumeen Topalekuak eta Ermuko Udal liburutegiak Martxoaren 8rako gomendatutako irakurketen gida argitaratu dute. Dokumentu horretan, haur nahiz helduentzat irakurgaiak, webguneak, ikus-entzunezkoak, jolasak eta musika topatu ahalko ditugu.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan