Martxoaren 8rako bide-orria
Ostiral honetan, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu; aldarrikapenez betetako eguna izango da, eta gizarte osoak benetako berdintasun eraginkorrarekiko duen konpromisoa erakusteko aukera izango dugu. Mugarri izan zen 2018ko deialdi arrakastatsuaren ostean, 2019 honetarako ere greba feminista deialdia egin da, eta herri guztietan mobilizazioak egingo dira.
Zer da Martxoaren 8a?
Emakumeek gizartean berdintasunez parte hartzen hasi zirela oroitzeko hautatutako eguna da martxoaren 8a. Alexandra Kollontai feminista errusiarra da Emakumeen Nazioarteko Egunaren sortzailea; emakumeek botoa eman ahal izatea, dibortzioa legalizatzea eta martxoaren 8a laneguna izan arren, emakumeen eguna ospatu ahal izatea lortu zituen Kollontaik. Bestalde, 1977ko martxoaren 8an, 140 emakume langile hil ziren New Yorken, alkandora fabrika bateko sutean harrapatuta gelditu ostean.
Zer da greba feminista?
Ostiral honetan, Emakumeen Nazioarteko Egunean, egingo den izaera sozialeko mobilizazioa da. Ekintza honek gure gizarte ereduaren aldaketa aldarrikatzen du, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortu ahal izateko. Grebak izaera soziala duela esaten da, lan etenez gain, zaintzako eta kontsumoko greba ere deitu baita.
Nork egin du greba deialdia?
Deialdi ofiziala Mugimendu Feministak egin du; hori estatuko, autonomietako eta tokiko ehunka emakume elkartek osatzen dute. Horiek guztiek Martxoaren 8ko Batzordean parte hartzen dute. Batzordea koordinatzeko espazio bat da, eta Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekintzak antolatzeaz arduratzen da.
Zein da grebaren helburua?
Deialdiaren helburu nagusia emakumeak falta direnean gelditzen den hutsunea agerian uztea da. Emakumeak geldituz gero, mundu osoa geldi, 2018ko leloak zioen moduan. Hori horrela, emakumeek eta gizonek, guztiek greba egiteak ez luke zentzu handirik izango. Ezin dira gizonak deialditik at utzi, baina zintzoena horrekin bat ez egitea eta emakumeei euren babesa erakustea da.
Martxoaren 8ko Batzordeak ostiralean greba egiteko arrazoien zerrenda kaleratu du.
Nork egin dezake greba?
Sindikatuek greba orokorra babestuko dute, emakumeek nahiz gizonek duten eskubide konstituzionala baita. Dena dela, elkarte feministek emakumeentzat soilik zabaldu dute deialdia, eta gizonei greba egitea erabakitzen duten euren lankide, ikaskide eta inguruko emakumeei babesa agertzea eskatu diete. Era berean, emakumeek zaindu ohi dituzten ume eta pertsona dependenteen kargu egitea eskatzen zaie gizonei, emakumeek mobilizazioekin bat egin ahal dezaten.
Zein alorretan egingo da greba?
Langileen eta ikasleen grebaz gain, zaintzen eta kontsumoaren greba deialdia ere luzatu dute antolatzaileek:
- Zaintzen greba: Ordaintzen ez den etxeko lana eta zaintzak barne hartzen ditu lisatzea, sukaldean aritzea, etxea garbitzea, erosketak egitea, arropa garbitzea, eta abar. Helburua gizonek etxeko eta zaintza lanak euren gain hartzea da; emakumeek etxean egiten duten lana berebizikoa dela ikusarazi nahi da, eta bakarka zer-nolako lan karga hartzen duten euren gain. Zaintzak eta etxeko lanak soilik emakumeenak izateari utzi eta erantzukizun sozial, partekatu eta banatu bihurtu nahi dira.
- Kontsumo greba: Ahalik eta gutxien erostea eta kontsumitzea eskatzen da: garraioa, komunikabideak, erosketak, eta abar. Merkatuak emakumeei kalte egiten die estereotipoen, publizitatearen eta emakumeen higienerako produktuen gaineko BEZarekin, besteak beste.
Mobilizazioak Ermuan
Ostiral honetan aldarrikapen ekintza ezberdinak izango ditugu herrian, Mugimendu Feministak deitutako greba ardatz. Lehenengo ekitaldia Planto feminista kontzentrazioa izango da 11:00etan Martxoak 8 plazan. 14:00etan, bazkari autogestionatua egingo da Orbe Kardinala plazan, eta gune feminista antolatuko da bertan. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, manifestazioa egingo da herriko kaleetan zehar, eta plazako kontzentrazioarekin amaituko da. Ekitaldi horretan lore-sortatxo moreak banatuko dira.
Gauez, udaletxea, Ermua Antzokia eta Emakumeen Topalekua morez argiztatuko dira, eta horrela mantenduko dira asteburu osoan zehar.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan