Oinarrizko Prestakuntzako udal Institutuak agerian jarri du 'Abian' azokan eskaintzen duen heziketa

27.03.19
Hezkuntza

ABIAN Lanbide Heziketa Azokaren laugarren edizioa hasi da gaur Eibarko Armagintza eskolako patioan. Azokak Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeetan eskaintzen diren heziketa ziklo eta prestakuntza-ibilbide ezberdin guztiak biltzen eta erakusten ditu, eskaintza zabala espazio bakar batean. Ikastetxe partaideak ondorengo Hajek dira: Armeria Eskola, IMH Makina Erramintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua. Inaugurazio ekitaldiaren buru izan dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Marcos Muro, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, Ainhoa Aizpuru, eta eibarko alkatea, Miguel de Los Toyos. Horiekin batera Debegesa sozietatearen presidente den Ermuko Juan Carlos Abascal eta horren kide diren eskualdeko alkate guztiak, gehi SD Eibar Fundazioko presidente Mikel Larrañaga.

ABIAN azoka martxoaren 29ra egongo da zabalik, ordutegia 10:00etatik 14:30era izanik egunero; eta ostegunean baita arratsaldez ere, 16:00etatik 18:30era. Erakusketa guneaz gainera, ABIAN azokak hitzaldiak eta doako tailerrak eskainiko ditu. Informazio gehiago Hemen ABIAN Lanbide Heziketa Azokan.

ABIAN azokara hurbiltzen direnek eskualdeko prestakuntza-eskaintza zabala eta eskura dauden titulazio ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute. Egun Debabarrenean 45 bat heziketa ziklo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, horien artean LH Duala, enplegagarritasun handikoa eta enpresek oso estimatua dutena.

ABIAN azokak iraungo duen hiru egunetan, eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ikasleen bisitak izango dira; 700 ikasletik gora igaroko dira bertatik, etorkizun hurbilean zer ikasketa egin erabakitzeko informazio osoa izan dezaten. Ikasleez gainera, publiko orokorrak ere zabalik izango ditu azokako ateak (gurasoak, orientatzaileak, langabezia egoeran dauden pertsonak...).

Ermua eta Mallabiko Oinarrizko Prestakuntzako udal Institutuak dituen hiru espezialitateak aurkezten ditu beste horrenbeste modulu dituen stand ikusgarrian 

Ermua eta Mallabiko Oinarrizko Prestakuntzako udal Institutuak (LHIKa zenak) hiru egunotan aurtengo ikasturtean eskaintzen dituen hiru espezialitateak aurkeztu eta erakutsiko ditu. Hirurak ondoko hauek dira: Ibilgailuen mantenua (elektromekanika espezialiatea) zeinak 27 ikasle biltzen dituen; ile-apaintzea eta estetika, zeinak beste 27 gazte biltzen dituen eta Elementu metalikoen fabrikazioa, zeinak beste 28 pertsona dituen. Heziketa bi ikasturtekoa da eta gainditzen dutenek hezkuntza arautura bueltatzeko eta ikasten jarraitzeko aukera izanen dute edo lan-merkatura jauzia emateko, lanerako oinarrizko ezagutzen jabe baitira.

Institutuaren ikastegia Mallabia udalerrian dago, Osma auzoan, zenbakirik gabeko eraikinean, BI-3302 errepidearen alboan eta herriko eskolen ondoan. Ikastegiak bideoa prestatu eta zabaldu du, non ikasgaien inguruko xehetasunak, instalazioak eta ikasleen egunerokotasuna erakusten duen.

Lan-merkatuaren beharretara egokitzen den Lanbide Heziketa 

ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketaren Azoka bi urtetik behin antolatzen da, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe guztien elkarlanaz. Egitasmoaren helburu nagusia da kalitatezkoa den eta lan-merkatuaren beharretara egokitzen den lanbide heziketa gerturatzea eta izen ona lortzen laguntzea.

ABIAN azokaren laugarren edizioak bereziki nabarmendu nahi du Lanbide Heziketak “lan-merkatuan sartzeko aukera oso onak” eskaintzen dituela. Azokaren gaineko xehetasun guztiak joan den martxoaren 15ean aurkeztu ziren prentsa aurreko agerraldian. Bertan Ermuko alkate eta Debegesako presidente Juan Carlos Abascalek eskerrak eman zizkien, eskualdeko Udal guztien izenean, erakunde eta enpresa laguntzaileei. “Enpresek bereziki eskatzen eta baloratzen dituzte Lanbide Heziketan tituludunak eta lan-merkatuan sartzeko aukerak gero eta handiagoak dira LHko ikasleentzat” nabarmendu zuen.

Heziketa ziklo “maskulinizatuetan” nesken parte-hartzea sustatzearen alde ere hitz egin zuen; espezialitate zientifiko-teknikoetan, esaterako, emakumeek oso presentzia txikia dute oraindik eta, aldiz, laneratze-maila altua duten ikasketak dira.

 

Halaber, eskualdeko hamahiru enpresa industrialek ekimenarekin bat egin dute, Lanbide Heziketaren sustapenean euren konpromisoa eta lankidetza erakutsiz. Enpresa laguntzaile dira: Alcorta, Bronymec, DanobatGroup, Egile, EPC, Grupo Unceta, Haizelur, HRE Hidraulic, IK4-Tekniker, Industrias Mail, MEK Group, Sitab eta Urkotronik.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
25.06.25
Ermuko Udalak II. Haur eta Nerabeen Tokiko Plana onartu du

Sei helburu orokor eta 30 ekintza zehatz jasotzen ditu dokumentuak 2025-2028 epealdirako
Imagen
17.06.25
'Ermua, Hiri Lagunkoia’ taldeak eta LHko ikasleek espazio publikoetako bizikidetzari buruzko gogoeta egin dute

Belaunaldien arteko tailerren bidez gatazkak saihesteko formulak landu dituzte