Pintxo Lehiaketarekin hasiko dira XIX. Jardunaldi Gastronomikoak
Lobiano Gastronomia Elkarteak Ermuko Jardunaldi Gastronomikoen edizio berria antolatu du. Ekimenaren hemeretzigarren edizioa izango da, eta larunbat honetan, ekainak 8, hasiko da herriko pintxo lehiaketaren eskutik. Bertan, 21 taberna eta jatetxek parte hartuko dute euren sorkuntzarik onenekin.
Datorren ostiralera arte, ekainak 14, dastatu ahal izango ditugu pintxoak 12:30etik 14:15era eta 18:30etik 21:30erako ordutegian, 1,60 euroren truke. Epaimahaia ostalaritzaren eta kazetaritza gastronomikoaren arloko profesionalek eta antolakuntzako kide batek osatuko dute, eta finalistak zeintzuk diren jakinaraziko dute ostegunean 17:00etan. Sari bakarra ez da, ordea, epaimahaiarena izango; herritarrek gehien bozkatutako pintxoak diploma jasoko du. Botoa Udalaren webgunearen bitartez eman ahalko da, ekainaren 14ko 22:00ak arte. Parte hartzen duten establezimenduek eta lehiaketako triptikoek QR kode bat izango dute ikusgai, zuzenean bozketara sartu ahal izateko.
Gainera, bozketan parte hartzen duten pertsona guztien artean kiroletako argazki kamera bat -Esanlineren eskutik- eta Distribuciones Arral eta Manzanos Winesek eskainitako ardo lote bat zozketatuko dira.
Afaria, showcooking, lehiaketak eta food truck-ak
Pintxo lehiaketaz gain, Lobiano Gastronomia Elkarteak elikadurarekin lotutako beste hainbat ekintza antolatu ditu. Esaterako, ekainaren 11n, asteartea, Ola Martin Berasategui jatetxeko Raul Cabrera sukaldariak zapore uztarketa afaria eskainiko du. Aldapa elkartean izango da bilkura, 21:00etan, baina aurrez izena eman eta ordaindu egin beharko da Probaleku plazako Mahasti ardandegian.
Ostiralean, ekainak 14, Destilerias Siderit enpresa kantabriarrak vermut eta destilatu artisauak dastatzeko aukera eskainiko du, 19:30etik aurrera Lobiano Kultur Gunean. Larunbatean, bestalde, showcooking saioa izango dugu Orbe Kardinala plazan 13:30etik aurrera. Ermuko lehiaketako lehenengo lau sailkatuek eta Eibarko -Baratze Gourmet-, Elgoibarko -Gastroteka Viento Sur- eta Durangoko -Amalu- irabazleek euren pintxorik onenak prestatuko dituzte zuzenean, herritarrek dastatu ahal izateko. Gainera, ardo ezberdinak izango dira aukeran: Bodegas Luis Gurpegui, Bodegas Cavila, Bodegas David Moreno eta Bodegas Medievo.
Geroago, 18:15ean, ohiko bakailao lehiaketa dibertigarria hasiko da giro onean.
XIX. Jardunaldi Gastronomikoei amaiera emateko, ekainaren 20an, 21ean, 22an eta 23an Food Trucken bigarren kontzentrazioa egingo da Orbe Kardinala plazan. Kaleko sukaldaritza ausarta dastatzeko aukera izango dugu, kalitate apurrik galdu gabe, eta gainera haurrentzako jolasak eta musika emanaldiak tartekatuko dira.
Jardunaldiei buruzko informazio gehiago liburuxkan edo lerro hauen osteko karteletan.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean