Asteburu gastronomikoa gustu guztietarako
Jardunaldi Gastronomikoen XIX. edizioak aurrera jarraitzen du, eta asteburuak ekitaldi zaporetsuz betetako egitaraua dakar.
Pintxo lehiaketa, azken txanpan
Ermuko ostalarien pintxo lehiaketa finalerdietara iritsi da jada, eta gaur arratsaldean ezagutuko ditugu zeintzuk diren finalistak. Bihar, ostirala, amaituko da lehiaketa, eta gaur eta bihar oraindik ere 21 pintxoak dastatzeko aukera izango dugu 12:30etik 14:15era eta 18:30etik 21:30era 1,60 euroren truke.
Epaimahaia ostalaritzaren eta kazetaritza gastronomikoaren arloko profesionalek eta antolakuntzako kide batek osatzen dute, eta ostiralean jakinaraziko dute aurtengo irabazlea zein den. Sari bakarra ez da, ordea, epaimahaiarena izango; herritarrek gehien bozkatutako pintxoak diploma jasoko du. Botoa Udalaren webgunearen bitartez eman ahalko da, ostiraleko 22:00ak arte. Parte hartzen duten establezimenduek eta lehiaketako triptikoek QR kode bat izango dute ikusgai, zuzenean bozketara sartu ahal izateko. bozketan parte hartzen duten pertsona guztien artean kiroletako argazki kamera bat -Esanlineren eskutik- eta Distribuciones Arral eta Manzanos Winesek eskainitako ardo lote bat zozketatuko dira.
Dastaketa, showcooking eta bakailao txapelketa
Bihar ostirala, ekainak 14, Destilerias Siderit enpresa kantabriarrak vermut eta destilatu artisauak dastatzeko aukera eskainiko du, 19:30etik aurrera Lobiano Kultur Gunean. Siderit duela bost urte kalitate altuko premium edariak egiteko asmoz jaiotako destileria da, lurraldearekin oso identifikagarriak diren artisau moduak uztartuz. Egun 250.000 botila baino gehiago saltzen dituzte urtero 35 herrialde ezberdinetan. Dastaketa honetan, ginebra, vodka eta vermuta probatzeko aukera izango da.
Larunbatean, bestalde, showcooking saioa izango dugu Orbe Kardinala plazan 13:30etik aurrera. Ermuko lehiaketako lehenengo lau sailkatuek eta Eibarko -Baratze Gourmet-, Elgoibarko -Gastroteka Viento Sur- eta Durangoko -Amalu- irabazleek euren pintxorik onenak prestatuko dituzte zuzenean, herritarrek dastatu ahal izateko. Gainera, ardo ezberdinak izango dira aukeran.
Geroago, 18:15ean, ohiko bakailao lehiaketa dibertigarria hasiko da giro onean.
Datorren astean, food truckak
XIX. Jardunaldi Gastronomikoei amaiera emateko, ekainaren 20an, 21ean, 22an eta 23an Food Trucken bigarren kontzentrazioa egingo da Orbe Kardinala plazan. Kaleko sukaldaritza ausarta dastatzeko aukera izango dugu, kalitate apurrik galdu gabe, eta gainera haurrentzako jolasak eta musika emanaldiak tartekatuko dira.
Lotutako albisteak

Proiektuak oinezko eta txirrindularientzako eguneroko joan-etorriak erraztuko ditu eta inguruko herrien arteko lotura hobetuko du

Egitarauak gustu guztietarako hamabost bat jarduera eskaintzen ditu

Taldeek kontzertua emango gaur eta bihar, hurrenez hurren, San Pelaion, 23:00etan hasita