Giroa taberna, Ermuko Pintxo Lehiaketako garaile bikoitza
Jai eta London tabernek ere sariak eskuratu dituzte lehiaketaren XIX. edizioan
Amaitu da Ermuko XIX. Pintxo Lehiaketa, eta Giroa taberna izan da garaile nagusia bi sarirekin. Izan ere, San Pelaioko establezimenduak epaimahaiaren lehenengo saria eta hiritarrek ematen duten publikoaren saria lortu ditu.
Giroa tabernaren Bikote proposamen arrakastatsuak sesamo gaileta, wasabia, txitxarroa, tomate saltsa eta kimchee uztartzen ditu.
Aitor Buendiak -Radio Vitoria kateko La ruta slow programako kazetaria-, Belaustegi jatetxeko Josu Mugerzak eta Lobiano Elkarte Gastronomikoko Jesus Portugalek osatu dute pintxo lehiaketako epaimahaia, eta Jai tabernak jaso du bigarren saria. Gainera, London tabernak Km 0 pintxoa saria eskuratu du, gertuko produktuen aldeko lan argi eta irmoagatik.
Sari banaketa larunbatean izan zen Orbe Kardinala plazan, showcooking saioak eta bakailao txapelketak girotutako jaiarekin batera. Bertaratutakoek Ermuko lehiaketako lau pintxo onenak -Giroa, Sagarra, London eta Kiska- eta Eibarko -Baratze Gourmet-, Durangoko -Amalu- eta Galdakaoko -Sorgiñe- garaileak nola prestatzen diren ikusteko aukera izan zuten, baita gero dastatzeko ere, Olite, Luis Gurpegui Muga, Voché, Añada Real, Covila, David Moreno eta Medievo ardandegietako edariekin batera. Arratsaldean, hogei bat bikotek parte hartu zuten bakailao txapelketan, eta Jabier eta Kimen Barrutia aita-semeek osatutako taldeak prestatu zuen plater garailea.
XIX. Jardunaldi Gastronomikoak azken txanpan sartu dira jada, baina oraindik lau egun ditugu aurretik gozatzeko. Izan ere, ekainaren 20tik 23ra, ostegunetik igandera, hain zuzen, Food Trucken bigarren Kontzentrazioa izango dugu Orbe Kardinala plazan. Van sobre ruedas lelopean, Kaleko sukaldaritza ausarta dastatzeko aukera izango dugu, kalitate apurrik galdu gabe. Ekintzak ostegunean hasiko dira, 19:00etan, haurrentzako jolasen eskutik, eta kontzertuak, pintxo potea eta Zurito garagardo dastaketa izango ditugu jarraian. Asteburuan zehar, egitaraua honakoa izango da:
- Ostirala 21
- 17:00-19:00 Haurrentzako ekintzak Musicjamekin
- 19:00-22:00 Hainbat ekintza
- 20:00-23:00 Kontzertuak
- Larunbata 22
- 12:00-14:00 Haurrentzako ekintzak
- 17:00-19:00 Kontzertuak eta haurrentzako ekintzak Musicjamen eskutik
- 19:00-22:00 Hainbat ekintza
- 20:00-23:30 Kontzertuak
- Igandea 23
- 12:00-14:00 Haurrentzako ekintzak
- 14:00-15:00 Zuzeneko musika
- 15:00-17:00 Haurrentzako ekintzak
II. Food Truck Kontzentrazioko kartela
Lerro hauen ostean larunbateko irudiak dituzue ikusgai, Aitor Buendia, La ruta slow eta Beatriz Gamizen eskutik.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu