E28: Neure burua definitu eta adierazteko aske naiz

21.06.19
Berdintasuna

Sexu-aniztasun eta -askatasunaren aldeko eta LGTBI+ harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu datorren ostiralean, ekainak 28. Testuinguru horretan, Udal Berdintasun Alorrak Neure burua definitu eta adierazteko aske naiz izeneko kanpaina jarri du abian. Horrekin, errealitate ezberdinak begi bistan jartzearen, babestearen eta bultzatzearen garrantzia helarazi nahi da, gero eta naturaltasun gehiagoz ikusi dadin gure inguruan.

Nazioarteko ospakizun honen jatorria Stonewalleko istiluak dira. 1969ko ekainaren 28an, New Yorkeko Stonewall Inn tabernan polizia sarekada izan zen goizaldean, eta horren ondorioz bat-bateko manifestaldi bortitzak egin ziren. Estatu Batuetako LGTBI+ komunitatea homosexualen aurkako sistemaren aurka altxatu zen, eta lehen aldiz euren eskubideen alde borrokan hasi zen istilu horietan. Egun, mundu osoan LGTBI+ eskubideen aldeko aldarrikapen modernoen jatorri gisa hartzen dira.

Pertsona guztiek euren genero eta sexu identitatea, izaera eta maitasuna adierazteko era modu librean ezagutzeko, adierazteko eta garatzeko aukera izan behar dutela sinesten du Ermuko Udalak. Horren harira, berdintasuna bultzatu eta hierarkiak ezabatu nahi ditu, baina ez emakumeen eta gizonen artean soilik; baita identitate sexuala adierazteko modu ezberdinen artean ere, aniztasuna bera balioa baita, bere horretan.

Egun oraindik pertsona askok ezkutatzen dute euren identitatea eta dituzten maitasun edo sexu harremanak, epaituak, umiliatuak edo baztertuak izateko beldurrez. Beraz, beharrezkoa da sentsibilizazio kanpainak egiten jarraitzea, pentsaera eta jarrera aldatzea lortzeko.

Udalaren kanpainaren helburu nagusia, beraz, herritarrak identitate eta sexu aniztasunaz jabetzea eta kontzientziatzea da, balioa eman eta onartu ahal izateko. Era berean, LGTBI+ elkartearen eta pertsonen aurkako diskriminazioei aurre egin nahi zaie, eraso guztiak gaitzetsiz eta hitzartuak, positiboak eta pozgarriak diren afektibitate eta sexualitate mota guztiak babestuz.

Kanpainako kartela

Identitate ez binarioa

Ermuko Berdintasun Sailak aniztasun sexualerako eskubidea kontuan izateko eta babesteko ekimena aurkeztu du. Itxuraz, neurri erraza eta sinplea da, baina ezbairik gabe eragin positiboa izango du alor horretan. Izan ere, Udalaren inkesta eta eskaera-orri guztietan aldatu egingo da Sexua atala jasotzeko modua.

Datu estatistikoak jasotzen dituzten Udal alor eta zerbitzu guztiek hirugarren aukera bat txertatuko dute euren fitxategietan, ohiko formula binarioaz gain. Horrela, emakumea eta gizona laukitxoekin batera, hirugarren bat gehituko da Ez binarioa izenekoa. Pertsona bakoitzak libreki nahi duen laukia hautatzeko aukera izango du, bere identitatearen arabera. Neurri honi esker, orain arte aukerarik izan ez duten pertsonak sartu ahalko dira.

Ekimen honetaz gain, Udalak lona handi bat jarriko du Orbe Kardinala plazako kioskoan, kanpainaren leloarekin, eta herrian zehar hainbat sentsibilizazio kartel kokatuko dira. Gainera, LGTBI+ kolektiboaren sinbolo den ortzadarra duten 500 giltzatako banatuko dira Udalaren instalazioetan – Lobiano Kultur Gunean, Torreta Etxean, Abiapuntun, Liburutegian, Emakumeen Topalekuan eta Miguel Angel Blanco Udal Kiroldegian-.

Irakurketa gida

Udal Berdintasun Alorrak eta Ermuko Udal liburutegiak ekainaren 28rako irakurketa gida osatu dute haurrentzako nahiz helduentzako irakurketa proposamenekin, musikarekin, ikus-entzunezkoekin eta webguneekin, sexu askatasunaren eta aniztasunaren alorrean sakontzen jarraitu ahal izateko. Gida liburutegian eta Emakumeen Topalekuan izango da eskuragarri, eta bertsio digitala hemen kontsultatu daiteke.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan