Ez beti da ez: eraso matxistarik gabeko jaien alde
Ermuko Udaleko Berdintasun Alorrak indarkeria matxistari aurre egiteko informazio, prebentzio eta sentsibilizazio jarduera berria antolatu du. Izan ere, tamalez, herri txiki nahiz handietan eraso mota ezberdinak jasaten dira aisialdi eta jai giroan: eraso fisikoak, bortxaketak eta saiakerak, LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoak, hitzezko gehiegikeriak, komentario sexistak, irainak, gutxiespenak, ukituak, eta abar luze bat. Eraso horiek gehienak ez dira salatzen, baina jasaten dituzten pertsonen askatasuna mugatzen dute, beraz, portaera horiei aurre egin behar zaie ezabatu ahal izateko.
Hori guztia dela eta, ostiral honetan, ekainak 28, karpa edo stand bat kokatuko da Martxoak 8 plazan 20:00etatik 22:00etara, Elektrojaiaren aurkezpen jaialdiarekin batera, gaztetxo asko hurbilduko baitira. Informazio puntu gisa erabiliko da instalazioa, eta indarkeria mota horien aurka guztiok batera aritu behar garela ikusaraziko du. Sentsibilizazio lana ere egingo du, batez ere gizonen artean, edozein motatako indarkeria sexistei uko egitearen garrantzia gogoraraziz.
Mota honetako ekintzetan esperientzia duten bi dinamizatzaile arituko dira erasoen aurrean nola jokatu behar den eta zein baliabide erabili daitezkeen azaltzen, batez ere festa giroan gertatzen direnean. Indarkeria matxista zer den eta nola aurre egin behar zaion azalduko dute, nola erantzun topiko matxistei, nola aurre egin eraso sexualei, zer egin kasu horietan, zein baliabide erabili…
Neskentzako ahalduntze espazioa eratuko da modu horretara, norbanako nahiz taldeko errekurtso hobeak izan ditzaten arazoei aurre egiteko. Aldi berean, mutilen erantzukizuna azpimarratuko da, eta baiezko argirik ez dagoenean ezetza dela, eta EZ beti dela EZ barneratuko dute.
Dinamizatzaileen lana indartzeko, aholkuak jasotzen dituzten txartelak -lerro hauen ostean ikusi daitezkeenak- eta txapak banatuko dira, NO es NO – EZ beti da EZ leloarekin.
Ekimena Presidentzia, Gorteekiko Harreman eta Berdintasun Ministerioak emandako diru-laguntzekin finantzatzen da, Berdintasunerako Estatu Idazkaritzaren bitartez. Horren helburua Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmenak jasotzen dituen neurriak garatzea da.
Jarduera hori aste batzuk geroago errepikatuko da, Santixau jaien barnean.
Indarkeria Matxistaren aurkako Tokiko Plana
Ostiraleko ekintza Berdintasun Planek eta Beldur Barik bezalako programek jasotzen dituzten helburuekin bat dator, emakumeek indarkeriarik gabeko bizitzak izan ditzaten. Gazteriari zuzentzen da gehienbat, jarrera eta portaera aldaketak bultzatzeko, tratu onetan eta berdintasunean oinarritu daitezen.
Tratu ona indartu nahi du kanpainak, batez ere festa giroan, eta herriko elkarte feministek helburu berdinarekin egiten dituzten beste ekintzekin bat egiten du.
Bestalde, Ermuko Udalak Emakunde Emakumeen Euskal Institutuaren diru-laguntza jasotzen du Indarkeria Matxistaren aurkako Lehenengo Tokiko Plana garatzeko. Horrek prebentzioa eta sentsibilizazioa landuko ditu, baita indarkeria mota hori jasaten duten emakume eta haurrei eman beharreko arreta ere.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan