Sexu Aniztasunaren eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Eguna
Gaur ostirala, ekainak 28, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, Sexu Aniztasunaren eta Askatasunaren alde. Mundu osoan gogoan izango dugu gaur 1969ko ekainaren 28an New Yorken gertatua; Stonewalleko istilu eta liskarrek kolektiboaren lehenengo mugimenduak eragin zituzten, euren eskubideak defendatu ahal izateko.
Testuinguru horretan, Udal Berdintasun Alorrak Neure burua definitzeko eta adierazteko aske naiz kanpaina jarri du abian. Horrela, errealitate ezberdinei ikusgarritasuna eman eta horiek babestu eta bultzatzearen garrantzia azpimarratu nahi da, gero eta naturaltasun gehiagoz ikusi dadin gure inguruan. Era berean, berdintasuna bultzatu eta hierarkiak ezabatu nahi dira, baina ez emakumeen eta gizonen artean soilik; baita identitate sexuala adierazteko modu ezberdinen artean ere, aniztasuna bera balioa baita, bere horretan.
Kanpainari indar gehiago emateko, Udalak LGTBI+ kolektiboaren sinbolo den ortzadarraren bandera jarri du udaletxean, eta lona handi bat Orbe Kardinala plazako kioskoan, kanpainaren leloarekin. Herrian zehar hainbat sentsibilizazio kartel kokatu dira, eta gainera, ortzadarra duten 500 giltzatako banatuko dira Udalaren instalazioetan: Lobiano Kultur Gunean, Torreta Etxean, Abiapuntun, Liburutegian, Emakumeen Topalekuan eta Miguel Angel Blanco Udal Kiroldegian.
Bestalde, E28 Asanbladak manifestazioa deitu du gaur arratsalderako, 19:00etatik aurrera, pertsona guztiek euren genero eta sexu identitatea, izaera eta maitasuna adierazteko era modu librean ezagutzeko, adierazteko eta garatzeko aukera izan behar dutela aldarrikatzeko.
Erasoen inguruko informazio puntua
Martxoak 8 plazan karpa edo stand bat kokatuko da gaur, ostirala, 20:00etatik 22:00etara, Elektrojaiaren aurkezpen jaialdiarekin batera, gaztetxo asko biltzen baitira bertan. Informazio puntu gisa erabiliko da instalazioa, eta batez ere indarkeria matxista izango du ardatz, indarkeria mota horren aurka guztiok batera aritu behar garela ikusaraziz.
Gai nagusia emakumeenganako indarkeria izango den arren, tamalez LGTBI+ kolektiboak ere jasaten ditu erasoak jai giroan, bai herri handietan, baita txikietan ere. Beraz, standak prebentzio eta sentsibilizazio lana ere egingo du, edozein motatako indarkeria sexistei uko egitearen garrantzia gogoraraziz.
Ekimena Presidentzia, Gorteekiko Harreman eta Berdintasun Ministerioak emandako diru-laguntzekin finantzatzen da, Berdintasunerako Estatu Idazkaritzaren bitartez. Horren helburua Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmenak jasotzen dituen neurriak garatzea da.
Identitate ez binarioa
Ermuko Berdintasun Sailak aldatu egingo du Udalaren inkesta eta eskaera-orri guztietan Sexua atala jasotzeko modua, aniztasun sexualerako eskubidea kontuan izateko eta babesteko. Hori horrela, emakumea eta gizona laukitxoekin batera, hirugarren bat gehituko da, Ez binarioa izenekoa, pertsona bakoitzak libreki nahi duen laukia hautatzeko aukera izan dezan bere identitatearen arabera. Neurri honi esker, orain arte aukerarik izan ez duten pertsonak sartu ahalko dira.
Irakurketa gida
Udal Berdintasun Alorrak eta Ermuko Udal liburutegiak ekainaren 28rako irakurketa gida osatu dute haurrentzako nahiz helduentzako irakurketa proposamenekin, musikarekin, ikus-entzunezkoekin eta webguneekin, sexu askatasunaren eta aniztasunaren alorrean sakontzen jarraitu ahal izateko. Gida liburutegian eta Emakumeen Topalekuan izango da eskuragarri, eta bertsio digitala hemen kontsultatu daiteke.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan