Abortu legal, seguru eta doakoa izateko eskubidearen alde
Irailaren 28a abortu legal eta seguruaren aldeko Ekintza Globalerako Eguna da. Ekimena, Abortua Despenalizatzeko eta Legeztatzeko Eguna izenez ere ezagutzen dena, 1990an sortu zen, Latinoamerikako eta Karibeko V. Topaketa Feministan. Gaur egun, deialdia nazioarte mailan zabaldu da, eta Ermuko Emakumeen Topalekuak ere bat egingo du asteburuko mugimenduarekin, lelo zuzen-zuzenarekin: abortua legeztatu ez hiltzeko.
Nazio Batuetako Biztanleria Funtsaren (UNFPA) datuen arabera, munduan hiltzen diren emakumeen %8a segurtasunik gabeko abortuengatik izaten dira. Egunero 55.000 abortu arriskutsu egiten dira munduan; horietatik %95a, garapen bidean dauden herrialdeetan.
Egoera horri ikusgarritasuna eman eta munduko emakume askoren eskubideak urratzen direla erakusteko, urtero irailaren 28an, milioika emakumek bat egiten dute marea berdean. Borroka horren sinbolo diren zapi berdeek ematen diote izena martxari, eta emakume guztientzat, edonon daudela ere, abortu legal seguru eta doakoa izateko eskubidea aldarrikatzen da. Amatasunari buruz erabakitzeko, ez kartzelaratzeko eta egoera tamalgarrietan egindako abortu arriskutsuetan ez hiltzeko eskubidea lortu nahi da emakume guztientzat.
Azken urteetan Latinoamerikako emakumeek euren herrialdeetan abortuaren inguruan aurrerapenak lortu dituzten arren, zenbait herrialdetan oraindik ere erabateko debekua jasaten dute, amaren bizitza arriskuan egonda ere.
El Salvador da debekua zorrotzen ezartzen duen herrialdea, eta osasuntsuak ez diren umeak izaten dituzten emakumeak gaizkile gisa markatzen dituzte eta susmagarriak izaten dira. Egoera hauetan beti errepikatzen den moduan, emakume txiroak eta errekurtsorik gabeak izaten dira kaltetuenak.
Errealitateak erakusten du abortatzeko eskubidea mugatzeak ez dituela horiek murrizten, eta abortua legala den herrialdeetan, emakumeek hiltzeko duten arriskua ia hutsala dela. Hori horrela, abortua legeztatzea eta emakumeei bidea erraztea munduan milaka pertsona hiltzea ekiditeko modu zuzena da.
Ermuko Udalak oso gogoan du irailaren 28a, eta borroka horri bere babesa eskaintzen dio. Abortuen praktika ez baldintzatzeko eta epai moralez edo bestelakoez ez trabatzeko zerbitzu egokiak izatea eskatzen da.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan