Bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonak detektatzeko eta laguntzeko sistema
Ermuko Udalak gizarte-talde ahulenei larrialdiko arreta emateko sistemak antolatu ditu joan den martxoan alarma-egoera ezarri zenetik. Hala, Gizarte Zerbitzuen Saileko langileen irizpide profesionala aplikatuz, lehentasunezko arreta-talde gisa identifikatu da bakarrik edo adin-tarte bereko bikotekidearekin bizi diren adinekoek osatutako taldea.
Ermuko adinekoen egoera zehatz-mehatz aztertu ondoren, gure udalerrian 80 urtetik gorako 337 pertsona bakarrik edo antzeko adineko bikotekidearekin bizi direla zehaztu da.
Udal-erroldaren bidez egindako lehenengo detekzio fase horren ondoren, Gizarte Zerbitzuetako langileak telefono bidez pertsona horiekin banan-banan harremanetan jartzen hasi dira, eta dagoeneko 243 etxebizitzatara iritsi ahal izan dira. Horrela, pertsona horiek zer beharrizan mota dituzten jakin ahal izan da, eta, ondorioz, horiei erantzuna emateko mekanismo egokiak ezarri dira. Kasu askotan, nahikoa da udalerri berean bizi arren, konfinamenduak eta gizarte-isolamenduak ezarritako mugen pean dauden pertsona horien senitartekoekin lankidetzan aritzea.
Detekzio- eta laguntza-programa horren emaitza oso ona izaten ari da; izan ere, Gizarte Zerbitzuek zuzenean konpondu ahal izan dituzte adinekoek jakinarazitako behar gehienak. Etxeko joan-etorriak egin edo zerbitzu espezializatuetara bideratu behar izan diren kasuetan, Gurutze Gorriarekin lankidetzan aritu da.
Konfinamendu-egoerak irauten duen bitartean, arreta zerbitzuak jarraipena izango du, eta adinekoekin telefono bidez hitz egingo dute Gizarte Zerbitzuek, bakoitzaren egoerari jarraipena egin eta laguntza emateko.
Bestalde, Gizarte Zerbitzuak uneoro prest daude sor daitezkeen beharrei erantzuteko. Horretarako, sailarekin harremanetan jar zaitezke 943 17 91 61 edo 943 17 91 62 telefono-zenbakien bidez, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara bitarteko ohiko ordutegian, eta, errefortzu-neurri gisa, 15:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian, hurrengo egunera arte itxaron ezin diren egoera bereziei erantzuteko, Euskal Osasun Sistemaren prestazioetan sartuta ez dauden eta bakardadearekin, ezinegon pertsonalarekin edo orientazio-beharrarekin zerikusia duten alderdiei dagokienez.
Era berean, mezu elektronikoak ere bidali daitezke social@udalermua.net helbidera. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren 94 402 50 50 telefono zenbakia dago gizarte-larrialdiak koordinatzeko. Telefono horrek egunean 24 orduz funtzionatzen du, urteko 365 egunetan.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek herritarrei zerbitzu horiek zentzuz erabiltzeko eskatzen diete. Osasun alerta honek irauten duen bitartean erabilgarri egongo dira, Ermuko herritarren ongizatea bermatu ahal izateko.
Dena dela, ermuarrei dei egiten zaie euren gizarte-ingurunearen premiei adi egoteko eta gizarte zerbitzuei laguntza eskaerak egiteko edo arreta ematea gomendatzen duten egoerak antzemateko.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean