Babes-material banaketa Abeletxe egoitzarako eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuetarako
Ermuko Udalak osasun-materiala ematen jarraitzen du egoera zail honetan gehien behar duten zerbitzuetan, eta, gainera, hainbat gizarte-eragileren laguntza du lan hori burutzeko.
Erakundeak 250 buzo iragazgaitz eman dizkio Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenekoa den Abeletxe egoitzari. Material hori osasun-elementuak biltzeko kanpaina batetik jaso da; izan ere, mota horretako elementuak eskuratzeko baldintzak oso zailak dira, gaur egun merkatu horrek eskaera eta lan karga handia baitu.
Buzo iragazgaitz horiek dira zentroan erabateko salbuespen-baldintzetan lan egiten duten langileek gehien estimatzen duten babes pertsonaleko sistemetako bat. Izan ere, pieza horiek estaldura handia eskaintzen dute, eta, gainera, erraz jantzi eta kendu -eta botatzen- dira.
Material horien dohaintzaz gain, Eibar S.D. Fundazioak 10.000 osasun-maskara eman zizkion Abeletxe egoitzari joan den ostiralean, Udalak aurretik adinekoen zentroari eta herriko beste establezimendu eta zerbitzu batzuei emandako eskularru, maskara eta mantal iragazgaitzen beste partida batzuen osagarri gisa.
Egoitzako langileek Covid-19 birusaren hedapenaren aurrean babes-baliabide handienak eta onenak izan ditzaten nahi du erakundeak, eta ahaleginak egiten ari da Abeletxeko egoiliarren nahiz langileen osasuna zaintzen jarraitu ahal izateko.
EUDEL ere etxeko laguntza-zerbitzuak babesteko prest
EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak eta Ermuko Udalak estrategia komun bat ezarri dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan lan egiten duten pertsonei funtsezko babes materiala emateko. Horrela, pertsona horiek beren lana segurtasun-neurri handienekin egin ahal izango dutela bermatzen da.
Astean behin EUDELetik datorren materiala maskara, eskularru eta erabili eta botatzeko mahuka-sorta bat da, laneko batak behar bezala babesteko.
Bestalde, Ermuko Udalak, elementu horien eskuragarritasuna bermatzeaz gain, osasun-kareta bana eman die lanpostu guztiei. Kareta hori seguruagoa eta egokiagoa da pertsonekin lan egiteko, gomendatutako bi metroko segurtasun-tartea mantendu ezin denean.
Etxez etxeko laguntza-zerbitzu hau lehen mailako arretako programa bat da, Udaleko Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dutena, eta, beraz, gure herrian eskuragarri jartzen diren zerbitzu-poltsako oinarrizko zerbitzuetako bat.
Programa horrek bi modalitate ditu: alde batetik, etxeko arreta pertsonaleko zerbitzua, eta, bestetik, etxez etxeko otordu-zerbitzua. Azken kasu horretan, enpresa hornitzaileak elikagaiak entregatzeko protokolo bat ezarri du, erabiltzailearen eta janaria etxeraino eramaten duen langilearen artean kontakturik eskatzen ez duena.
Bi zerbitzu horien artean 40 familia-unitate inguru artatzen dira gure herrian, guztiak mendekoak edo autonomia mugatukoak, eta gehienak adinekoen kolektibokoak.
Horrelako ekimenei esker, adinekoak eta mendekotasuna duten pertsonak beren etxeetan eta gizarte-inguruneetan ahalik eta denbora gehien egotea lortzen da, pertsona guztien helburu nagusia baita gure autonomia arriskuan ikusten dugunean.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean