Udalak enplegu politiketarako aurrekontua handitu du

06.05.20
Gizartea

Covid-19 birusaren pandemiak eragin duen osasun krisia ondorio larriak izaten ari da gure ekonomian. Egoera honetan, Ermuko Udalak aurrekontuaren zati handi bat enplegua sustatuko duten politiketara bideratu du.

Hala, Udalak hartutako neurriei jarraiki, 2020ko ekitaldi honetarako 1.238.034 euroko aurrekontua izango du udalerriak enplegu-politikak garatzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta langabetuei lan-merkatuan sartzea errazteko.

Bestalde, pandemia iritsi baino lehen, Udal aurrekontuan 180.000 euroko partida prestatu zen Enplegu Planak garatzeko. Horiei esker, lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten gizarte taldeek lan praktikak egiteko aukera izaten dute. Egun bizi dugun osasun krisia eragiten ari den langabezi tasa altuak ikusita, ordea, lehenengo fase batean 100.000 euro gehitu zaizkio diru partida horri. Beraz, une honetan Enplegu Planetarako aurrekontua 280.000 eurokoa da.

Diru kopuru hori beste erakunde batzuetan enplegua berreskuratzeko eta dinamizatzeko iragarri diren programen osagarri izango da – Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lanbidek antolatutako programena, esate baterako – . Udalak plan horiek aurrera eraman ahal izateko finantzazioa eskatuko du, baina aldez aurretik aurrekontu propioa izanda; modu horretara, beste instituzioek egindako inbertsioak hobetuko dira.

Enplegurako sortutako programa bereziak Ermuko Udalak hasitako ekonomia berreskuratzeko politikaren zati bat dira. Horrekin batera daude enpresa txiki eta ertainak, profesional autonomiak eta tokiko merkatariak babesteko garatzen ari diren ekimenak, beharrizan gehien dituzten gizarte taldeak albo batera utzi gabe.

Tokiko politikek gure udalerriaren garapen ekonomikoari arreta berezia paratu izan ohi diote; bide horretatik landu dira enplegua sustatzeko ekintzak ere. Gainontzeko gizarte politikekin batera, krisialdi larriei aurre egiteko eta gainditzeko aukera eman digute ekintzok.

Kasu honetan, helburua da gizarte-talde bat bera ere babesik gabe ez uztea, eta bereziki indartzea krisi-egoera berri eta ezohiko horrek zorrotzago mehatxatzen dituenak.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean
Imagen
16.05.25
Ivan Repila idazleak amaiera emango dio irakurketa klubari, saio irekian

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean