Zer egin dezakegu 3. fase honetan?
Euskal Autonomia Erkidegoa deseskaladako hirugarren fasean sartu da gaur astelehena, ekainak 8, normaltasun berrira bidean. Hori horrela, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialak 13/2020 Dekretua, ekainaren 7koa, argitaratu du, fase berri horretan aplikatuko diren neurriak eta kudeaketa arauak zehaztuz.
Honakoak dira gaurtik aurrera alor ezberdinetan indarrean izango diren neurriak:
Mugikortasuna eta ordutegi tarteak
Hiru euskal probintzien arteko mugikortasun-mugak desagertzen dira, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidego osoan zehar mugitu ahal izango gara mugarik gabe. Bestalde, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etarako ordutegian lehentasuna izaten jarraituko dute adineko pertsonek eta arrisku taldekoek.
Garraioa
Erkidegoko mugen barruan mugitzen diren bidaiarien lurreko garraioek (autobusak, trenak eta tranbiak) maiztasunak eta edukierak %100ean berreskuratu ahal izango dituzte. Maskara nahitaez erabili beharko da ibilbide osoan, eta pertsonek euren arteko segurtasun-distantzia mantendu beharko dute.
Gizarte eta familia bilerak
Gehienez ere 20 laguneko gizarte- eta familia-bilerak egin daitezke lokal pribatuetan eta etxebizitzetan, edo erabilera publikoko espazio irekietan, osasun-agintariek ezarritako babes pertsonaleko eta distantzia fisikoko arauak errespetatuz.
Kontziliazioa eta aisialdiko jarduerak
0-3 urte bitarteko haurrei arreta emateko haurtzaindegiak eta haur-eskolak ireki daitezke, eta edukiera ohiko gehieneko edukieraren edo ratioaren %60ra mugatzen da. Bestalde, haurrei eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerei berrekin ahal izango zaie, erakunde eskudunek ezartzen dituzten arauekin bat etorriz, edukiera-muga hauekin:
- Aire zabalean egiten direnean, jardueraren ohiko gehieneko edukieraren %60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta gehienez 200 parte-hartzaile izango dira, monitoreak barne.
- Gune itxietan egiten direnean, jardueraren gehieneko edukieraren %60ra mugatuko da parte-hartzaileen kopurua, eta gehienez 80 parte-hartzaile izango dira, monitoreak barne.
Bi kasuetan, jarduerak egiten diren bitartean, parte-hartzaileak gehienez ere 15 pertsonako taldetan antolatu beharko dira, monitoreak barne.
Hezkuntza
Euskadiko unibertsitateek aurrez aurreko jarduera akademikoak egin ahal izango dituzte jarduera hori beste era batera burutzea ezinezkoa den kasuetan. Era berean, etengabeko prestakuntza, titulazio ez-ofizialak eta profesionalentzako jarduerak malgutu eta garatu ahal izango dira. Bikaintasunezko ikerketaren esparruan, ikerkuntza eta administrazioa laguntzeko laborategi eta zerbitzuetan, jarduera presentzial osoa gaitu da.
Araututako jarduera guztiak osasun-agintariek adierazitako osasun-, segurtasun-, babes- eta higiene-neurriak errespetatuz eta aplikatu beharreko araudiaren arabera egingo dira.
Ostalaritza, turismoa, elkarte gastronomikoak eta merkataritza
Merkataritza-establezimendu eta lokaletan, txikizkakoetan, azoka txikietan eta merkataritza-zentroetan, gehieneko edukiera %60koa izango da, eta neurri hori espazio komunetan eta jolas-espazioetan ere errespetatu egin beharko da, halakorik balego.
Ostalaritzako, jatetxeetako, txokoetako eta elkarte gastronomikoetako establezimendu eta zerbitzuetan, edukiera-muga kendu egingo da, baldin eta mahaien edo mahai multzoen artean bi metroko distantzia fisiko egokia bermatzen bada. Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean bi metroko distantzia fisikoarekin. Hoteletako eta turismo-ostatuetako eremu komunei dagokienez, edukiera-muga %60koa izango da, distantziak mantenduz.
Bestalde, turismo aktiboko eta naturako eta jarduera fisikoko jarduerak egin ahal izango dira, gehienez 30 pertsonarekin eta pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia errespetatuz.
Kultur jarduerak, aisialdia eta kirola
Liburutegiek, museoek, azoka guneek, erakusketa aretoek eta zinema aretoek gehienez ere %60ko edukierarekin zabaltzeko aukera izango dute. Portzentajea berdina izango da kultur jardueretarako, baina partaide kopurua gehienez ere 80 pertsonakoa izango da areto itxietan, eta 1.000 pertsonakoa aire zabalean. Kasu guztietan, aurrez esleitutako eserlekuak jarri beharko dira.
Kirol jardueretan, neurriak honakoak izango dira:
- Kirol-instalazioetan, igerilekuak barne, gehieneko edukiera baimendutako edukieraren %60koa izango da. Aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira, distantziak errespetatuz.
- Taldeko entrenamenduei berrekin ahal zaie, kirolarien arteko elkarrekintzarekin, banku finkoko arrauneko eta pilotako diziplina guztietan, ekainaren 20tik aurrera hasiko diren txapelketak prestatzeko.
- Gainerako kirol-diziplinetan, taldean praktikatzea eta entrenatzea baimenduta dago, pertsonen arteko gutxieneko segurtasun-distantzia betez.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean