17 ikuskizunek osatzen dute Ermua Antzokiko kultur programazio berria
Ermuko Udaleko Kultura Sailak irailetik abendura bitartean Ermua Antzokian eskainiko diren ikuskizunen programazioa aurkeztu du. Agenda berri horrek zuzeneko jarduerara itzultzea dakar, martxotik Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz izandako geldialdiaren ondoren.
Gustu guztietarako eta diziplina eta estilo ezberdinetako 17 ikuskizunek osatzen dute programazioa. Musikaren atalean, Mikel Erentxun, Xabi Solano eta Soleá Morenteren kontzertuak izango dira ekitaldirik nabarmenenak. Arte eszenikoei dagokienez, Gabino Diego eta Cecilia Solaguren artistak izango ditugu, Los Mojigatos antzezlanarekin, eta Yunke Magoak Conjuro bere azken ikuskizuna aurkeztuko digu.
Bestalde, haurrentzako ikuskizunak ere izango dira: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunak, Demode Quartet Epa Txiki! musika proposamenarekin, eta Gorakada Taldea, Pinocchio klasikoaren bertsio bereziarekin.
Ikuskizun guztietarako sarrerak irailaren 9an, asteazkenean, jarriko dira salgai, 09:00etatik aurrera, www.kutxabank.es webgunean eta Lobiano Kultur Gunean – astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara –.
Proposatutako ikuskizunez modu seguruan gozatuko dela bermatzeko, jarraian nabarmenduko ditugun hainbat neurri ezarri dira:
- Maskara erabiltzea eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea nahitaezkoa izango da esparrura sartu ahal izateko.
- Edukiera murriztu egin da, bai besaulki-patioan, bai komunetan.
- Sarrerak ez dira zenbakituta egongo, eta, beraz, aretoko langileak arduratuko dira eserlekuak esleitzeaz.
- Pertsonen arteko segurtasun-tartea mantendu behar da, elkarrekin doazen pertsonen artekoa izan ezik.
- Sarrerak bitarteko digitalen bidez eta aldez aurretik erostea gomendatzen da, leihatilan pilaketarik egon ez dadin.
- Halaber, ekitaldietara garaiz joatea gomendatzen da, sarrera ohi baino motelagoa izango baita.
- Ikuskizunen ondoren, aretoa pixkanaka hustuko da, bertako langileen jarraibideen arabera.
Lotutako albisteak

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude