Euskaraldiaren bigarren edizioa Ermura iristear da

25.09.20
Euskara

Badator Euskaraldiaren edizio berria! Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean burutuko da ekimena, eta euskara Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzea du helburu, aurtengo leloak dioen moduan.

Duela bi urte eginiko lehenengo edizioan, ia mila ermuarrek parte hartu zuten gizarte esperimentu honetan. Oraingoan, jada 50 erakunde baino gehiagok izena eman dute, euskararekiko duten lotura erakutsiz eta ekimenarekin bat eginez. Entitateentzako izen-emate epea irailaren 27a arte, igandea, egongo da zabalik. Norbanakoek, aldiz, azaroaren 20an ekimena hasi bitartean izena eman daiteke honako lotura honetan.

Gutxienez euskara ulertzeko gaitasuna duten 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu dezakete Euskaraldian. Bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena; horrela, 15 egunez, modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman ditzakete partaideek.

Ariguneak, berrikuntza nagusia

Euskaraldiaren bigarren edizioko berrikuntza nagusia parte-hartze kolektiboa sustatzeko Ariguneak dira, euskaraz naturaltasunez aritu ahal izateko espazioak. Erakundeek Arigune bezala parte hartzeko, lehenik eta behin, bertako parte-hartzaileak ados jarri behar dira, eta ekimenak irauten duen bitartean beren rola hautatu eta bete behar dute. Rolak lehen edizioan bezala mantentzen dira, eta honako hauek dira:

  • Ahobizi: beti euskaraz hitz egiten dut hizkuntza ulertzen duten pertsona guztiekin. Euskaraz ulertzen ote duten ez badakit, lehen hitza, beti, euskaraz izango da; eta mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dut beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da.
  • Belarriprest: euskaraz hitz egiteko eskatzen dut, euskara ulertzen dut eta nirekin euskaraz aritzea nahi dut. Ulertzen duten guztiekin ez dut uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi dudan guztietan egingo dut. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

Hala ere, antolatzaileek azpimarratu dute ez ditugula nahastu behar rol horien aukeraketa eta hizkuntza-gaitasuna, euskaraz hitz egiteko ohitura eta joerekin baizik. Hori da ekimenaren helburua: ohiturak eta jarrerak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea, espazio gehiagotan eta jende gehiagorekin.

Kontsultatu Euskaraldia 2020ri buruzko informazio guztia ekimenaren webgune ofizialean. Ermuko ekimenari buruzko xehetasun gehiago nahi izanez gero, bidali mezu bat ermukoeuskaltzaleensarea@gmail.com helbidera.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
15.04.25
Udalak euskara sustatzeko aurtengo dirulaguntza lerroak zabaldu berri ditu

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago