Eusko Jaurlaritzak udalerrien arteko mugikortasuna eta Euskadiko sarrera-irteerak mugatu ditu

27.10.20
Gizartea

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur, asteartea, argitaratu du 36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, Alarma Estatuaren eremuan Covid-19 pandemiaren aurrean prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituena. Arau horrek joan den ostiralean onartutakoak indargabetzen ditu, birusa gehien pairatzen duten udalerriei dagozkienak, eta neurri eta ordutegi berberak proposatzen ditu Euskadiko lurralde osorako.

Dekretuak xedapen nagusi hauek jasotzen ditu:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean sartzea eta irtetea mugatuta dago. Era berean, mugatu egiten da norberaren bizilekua kokatzen den udalerritik irtetea eta bertara sartzea. Lehenengo Alarma-Estatuan gertatu bezala, ermuarrok Eibarrera mugitu ahal izango gara, ohiko igarobideko udalerri mugakidea delako, banakako gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko.
    • Baimenduta daude mugimenduak, betiere justifikatuta badaude, osasun-zentroetara joateko; laneko betebeharrak, betebehar profesionalak, enpresakoak, instituzionalak edo legezkoak betetzeko; ikastetxeetara joateko; ohiko bizilekura itzultzeko; adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei eta desgaituei laguntzeko; administrazio-izapide atzeraezinak egiteko; edo ezinbesteko arrazoiak badaude tarteko.
  • Gaueko zirkulazioa mugatua izango da, eta ezingo da kalean ibili 23:00etatik 06:00etara Euskadi osoan. Sendagaiak, osasun-produktuak edo premia biziko ondasunak erosteko soilik zirkulatu ahal izango da kalean, baita larrialdiko osasun-zentroetara eta albaitaritza-zentroetara joateko; lan- eta lanbide-betebeharrak betetzeko; ohiko etxera itzultzeko; adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei eta desgaituei laguntzeko; edo ezinbesteko kasuetan ere.
  • Espazio publikoetan zein pribatuetan bil daitezkeen taldeak ezin dira sei pertsona baino gehiagokoak izan, salbu eta bizikideak badira.

Eusko Jaurlaritzak 15 eguneko epean egingo du neurri horien jarraipena eta ebaluazioa, eta egoeraren bilakaeraren arabera, luzatu, aldatu edo indargabetu egingo dira.

Osasun publikoaren arloko neurri espezifikoak

Aipatutako neurri orokorrez gain, Eusko Jaurlaritzak beste betebehar batzuk ere ezarri ditu ostalaritzan, kultura-jardueretan eta kirol-jardueretan, besteak beste.

Hauek dira puntu nagusiak:

  • Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduak eta zerbitzuak 23:00ak baino lehen itxi beharko dira, eta lokala gutxienez 06:00ak arte egon beharko da itxita herritarrentzat.
    • Barruan baimendutako gehieneko edukiera %50ekoa da, gutxienez 1,5 metroko tartea mantendu behar da mahaien artean eta gehienez 6 pertsona mahai bakoitzeko.
    • Mahaian eserita kontsumitu behar da; debekatuta dago barran kontsumitzea.
  • Debekatuta dago txokoetan, elkarte gastronomikoetan eta lonjetan inolako jarduerarik egitea, itxita egon behar baitute.
  • Debekatuta dago alkohola saltzea 20:00etatik 08:00etara bitartean, ostalaritzako lokaletan izan ezik.
  • Espazio itxietako kultur ikuskizunetan gehienez ere %50eko edukiera eta 400 pertsona onartuko dira; aire zabalean, aldiz, 600 pertsona.
  • Taldeko kirol-jarduerak bertan behera geldituko dira; banaka soilik egin ahalko da kirola, gimnasioetan programatutako ikastaroetan izan ezik. Kirol-instalazioetan, baimendutako gehieneko edukiera baimendutako edukieraren % 50ekoa izango da.
  • Jarduera fisikoa aire zabalean egin ahal izango da, bakarka edo taldeka, kontaktu fisikorik gabe eta gehienez sei pertsonako taldeetan.

Gogorarazten dizuegu maskara nahitaez erabili behar dutela sei urtetik gorako pertsona guztiek, eta ezin dela eremu publikoetan erre, gutxienez bi metroko pertsonarteko gutxieneko distantzia errespetatu ezin denean.

Dekretu osoa kontsulta dezakezue esteka honetan.

Lotutako albisteak

Imagen
15.05.25
Imagen
15.05.25
2025eko Santixauak: kartela eta suziriak nork botako aukeratu da

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da
Imagen
14.05.25
Banarte Antzerki Tailerrak ‘Ensayo general’ muntaia aurkeztuko du

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du