'Urkiola' Elkarteak 'Durangaldeko Elikadura ABIAN' ekimena aurkeztu du
Urkiola Landa Garapeneko Elkarteak aurkeztu berri du Durangaldea Elikadura/ABIAN elikaduraren balio-katearen konexio eta berrikuntza plataforma edo ekimena eskualderako. Ekimen edo proiektua Urkiola Elkartearen epe luzeko estrategiaren baitan kokatzen da. Durangaldea Elikadura/ABIAN proposamenarekin Elkarteak Durangaldeko elikagai kulturan modu positiboan eragitea bilatzen dugu, gure lurraldeko aniztasuna zaindu eta funtsezko eragileen arteko komunikazioa, koordinazioa eta lankidetza sendotuz. Plataforma hori, Durangaldeko herritarrez eta erakundeez osatutako elikaduraren inguruko komunitate bat sortzeko helburuarekin sortu da: pertsonen partaidetza sustatuz, beharrak entzunez eta elikagaien erronka estrategikoetara (osasuntsuak, jasangarriak, seguruak eta singularrak) bateratutako irtenbideak aktibatzera bideratuta dagoena.
Ekimenaren proiektuko webgunean adierazten duten lau direla beren funtsezko balioak; hain zuzen ere ondorengo hauek: iraunkortasuna eta ongizatea, pertsonak eta ingurumena zaintzera bideratuta; ahulduntzea eta eragin soziala, Durangaldean ekintzailetza eta horren eragina handitzeko, elikadura aldaketarako motor gisa edukiz; lankidetza elkarlan sareak errazteko eta ahalbidetzeko eta, azkenik, balio erantsia, tendentzia eta punta-puntako berrikuntzak ezartzeko eskualdean balio (ekonomiko, sozial eta ingurumen alorretan) handiagoa sortzeko.
Durangaldeak hiru erronka edo interesgune definitu ditu. Lehena ondorengoa da; nola susta ditzakegu ongizate eta osasun praktika berriak, familiaren zaintza, kirola eta aisialdi belaunaldi anitzen aldeko apustua eginez. Bigarrena, berriz, nola sortu ditzakegu Durangaldean KM0 produktuak ekoizteko, ikusgaitzeko eta komertzializatzeko formula berriak, gure eskualdea erosketa jasangarri eta osasuntsuetan erreferentzia bihurtuz. Hirugarren eta azkena; ekonomia zirkularrak zer praktika ekar diezaioke Durangaldeari elikagaien balio-katearen garapen ekonomikoari, gure eskualdeko trantsizio berdea (konpostajea, energia, biomasa…) bultzatzen duten bitartean.
Ekimenak hiru helburu ditu: deskribatutako gaietan tokian tokiko beharrei eta asmoei ahotsa jartzea; ekimen berritzaileak iradokitzea, partekatzea eta bultzatzea; eta hirugarrena, pertsona aliatuen komunitate bat sortzea, Durangalderako zerumuga partekatu bat bilatze aldera. Deialdia zabalik dago norbanakoentzat, antolatutako kolektiboentzat, proiektu ekintzaileen arduradunentzat eta Durangaldeko elikagaien balio-katean berrikuntza-aukerak batera aztertzeko gogoz dabiltzan erakundeentzat. Elikadura estrategia sakontasunez 116 orrialdeko agirian zehar lantzen da. Izen-emateak zabalik daude azaroaren 20ra bitartean.
Aurreikusitako lan-prozesuak entzuteko eta lan arin eta atsegina egiteko moduak barne hartzen ditu. Ingurune sortzailea eta lasaia, esperimentazioko eta berrikuntzako hausnarketak eta proiektuak gizarteratzeko eta elkarlanean garatzeko. Azaroaren 24an eta 26an, eta abenduaren 15ean, ordu eta erdiko on-lineko saio bana egingo da, arratseko bost eta erdietatik zazpietara bitartean. Ekimenaren webgunean eskaintzen dira xehetasun guztiak.
Lotutako albisteak

Etxebizitzetan sartzen saiatzearen ustezko delitua leporatu diete

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du