Ziklokross denboraldi ‘arraroa’ren balantzea egin du Aitor Hernandezek
Covid-19ak eragindako pandemiak gure bizitzak hankaz gora jarri ditu denbora gutxian. Arlo guztietara iritsi da birusa, eta bizitza kulturala, soziala, ekonomikoa eta kirola aldatzera eta egokitzera behartu gaitu. Azken alor horretan, ziklokrossak ere sufritu du pandemia, eta 2020/2021 denboraldiko azkeneko lasterketak bertan behera geratu dira.
Aitor Hernandez txirrindulari ermuarrak denboraldiaren balantzea egin du komunikatu baten bidez, eta “negu arraroa” izan dela azaldu du. Specialized-Ermua Innpulsoko kirolariak Espainiako Txapelketarekin amaitutzat eman du neguko denboraldia, zazpigarren postua eskuratu ostean.
Ermuarrak kanpaina ezohikoa izan duela adierazi du, beste urteetan baino askoz lasterketa gutxiagorekin, baina hala ere sentsazio onak izan ditu parte hartu duen probetan. El Escorialen (Madril) bi garaipen eta Espainiako Txapelketaren atarian Torrelavegan podium bat lortuta amaitu du denboraldia Hernandezek.
“Denboraldi ezberdina izan da, negu arraroa. Gustura nago lortutako emaitzekin eta tristea da lasterketa gehiagorik ez izatea, ongi sentitzen bainintzen, gorabeherak gorabehera. Indartsu sentitu naiz, eta garaipen eta podiumak eskuratzeko borrokarako prest. Bi garaipen eta podium batekin amaitu dut denboraldia, eta ospatzeko modukoa da, baina beti geratzen da zalantza zer gertatuko litzatekeen aurreikusitako lasterketa guztiak egin izan balira”, adierazi du txirrindulari ermuarrak.
Hernandezek azaldu duen moduan, “ez da erraza horrelako denboraldi baterako prestatzea; udan oraindik ez genekien noiz hasiko zen guztia eta noiz hasiko ginen lehiatzen, beraz, itsu-itsuan aritu gara. Antolatzaileek lasterketak prestatzeko egin duten esfortzua izugarria izan da, eta guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, une zail hauetan ere ziklokrossa hain ongi zaintzeagatik. Euren lasterketak egin ezin izan dituztenei ere, babesa eta eskerrak eman nahi dizkiet, ahal duten guztia egiteagatik”.
"Orain ziurgabetasun unean gaude berriro, eta ez daukagu erabat argi hemendik hilabete batzuetara gauzak nolakoak izango diren. Espero dut datorren denboraldia normalagoa izatea eta pixkanaka betiko erritmoetara itzultzea, asteburu guztietan lasterketak eginez ", adierazi du Hernandezek.
Txirrindulariak eskerrak eman nahi izan dizkie bere babesle nagusiei, Specializedi eta Ermuko Udalari, une zail hauetan eman dioten laguntzagatik. "Harro egoteko modukoa da lasterketetan Ermuaren izena eramatea eta podiumaren gorenera igotzea. Urtez urte laguntzen nauten guztiei, eta zaleei, eskerrik asko, besterik gabe. Pozak ematen jarraitzea espero dut ", azpimarratu du.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke