‘Kanonari agur’ 2021eko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko

16.02.21
Berdintasuna

Ermuko Udaleko Berdintasun Sailak udalerrian garatuko den Emakumeen Nazioarteko Eguneko kanpainaren kartela aukeratu du. Angela Garlito Requena Alacanteko artistak egindako Agur al canon lanak irabazi du urteroko kartel lehiaketa, eta kanpainaren irudia izango da.

Epaimahaia Berdintasun Saileko udal langileek, Berdintasun Kontseiluko ordezkari batek eta genero ikuspegia duen eta artean aditua den profesional batek osatu dute, eta aho batez hartu dute erabakia.

Angela Garlito Requena Santa Polako (Alacant) 24 urteko artista polifazetikoa da. Arte Ederretan, Ikusizko Arteetan lizentziaduna, Garlito bere markaren diseinatzailea eta sortzailea da, baita gidoi idazlea ere.

Bere lanak, Agur al canon izenekoak, bederatzi emakume aurpegi erakusten ditu, hazpegi asimetrikoak nabarmentzen direla, are gehiago azpimarratzen dituen hondo zuri baten gainean. Irudi asimetrikoekin batera, kartelaren osaera simetrikoa gailentzen da, oreka bikoitza adierazten baitu, horizontala zein bertikala. Kartel orekatua da, non irudi guztiek pisu bera duten, batzuk besteen gainetik nabarmendu gabe.

Artistak erabili dituen kolore nagusiak zuria eta beltza dira, margotutako xehetasunak gehiago pizten dituztenak. Bioleta koloreak, New Yorkeko Triangle Shirtwaist lantegiko sute tragikoari erreferentzia egiten dio, eta kolore horiarekin konbinatu da, bere kolore osagarria delako.

Obraren deskribapen sinbolikoari dagokionez, nagusiki, bizi garen gizarte patriarkalak berak ezarritako edertasun-kanon eta estereotipo mota guztiak ezabatzen ditu. Hori salatzeko eta aldarrikatzeko, egileak simetria eta proportzioak alde batera utzi ditu, eta ustezko "deformazioan eta desorekan" jarri du arreta, marrazki-lerrotik kanpo ere margotuz.

Kartel honi esker, Angela Garlitok 600 euroko saria jaso du.

Parte-hartze handia lehiaketan

16 pertsonak – 8 emakumek eta 8 gizonek – 27 lan aurkeztu dituzte guztira Martxoaren 8ko kartel lehiaketaren edizio berri honetan. Proposamenak estatu osoko hainbat lekutatik heldu dira, Asturiasetik, Burgosetik, Castellotik, Alacantetik, Jaenetik eta Murtziatik, baita Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaitik ere. Lehiaketan parte hartu duten gure probintziako sei pertsonetatik 5 Ermukoak dira.

Zentzu horretan, epaimahaiak nabarmendu nahi izan du aurreko edizioetatik hona Ermuko ikasle gazteek parte-hartze handia izan dutela, kalitatezko eta mezu zainduko lanak eta sorkuntzak aurkezten baitituzte.

Agur al canon irabazlearekin batera, epaimahaikideek Juntas somos más. Somos nosotras eta En tus zapatos izeneko lanak aukeratu dituzte finalistatzat. Hiru kartel onenak lerro hauen azpian uzten dizkizuegun irudietan ikus ditzakezue.

Bestalde, Emakumearen Topaguneak lehiaketara aurkeztu diren lan guztien erakusketa prestatuko du. Galeria martxo osoan bisitatu ahal izango da, betiere edukiera eta higiene- eta osasun-neurriak errespetatuz.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan