Gaur eta egunero da martxoak 8
Ehun pertsona inguru bildu dira gaur eguerdian Orbe Kardinalaren plazan, higiene eta osasun neurriak eta segurtasun distantziak errespetatuz, martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, aldarrikatzeko. Emakumeen eskubideen aldeko konpromisoaren eta borrokaren data sinbolikoa, pandemiaren urte honetan inoiz baino beharrezkoagoa dena.
Beatriz Gamiz Berdintasun zinegotziak irakurri du martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala, Udaleko Osoko Bilkurak aho batez onartu duena. Dokumentuak "pertsonak berdintasunean zaintzea" du ardatz, eta honako hau jasotzen du: "Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feministak eta emakumeen kolektiboek egiten zituzten aldarrikapenak: giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta komunitatearen mende dago erabat. Ezerk ez du bizitzaren zaintza baino garrantzitsuagoa izan behar, pandemiarekin muturreraino ahuldu eta prekarizatu den bizitza ".
Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak ere parte hartu nahi izan du martxoaren 8ko aldarrikapen-ekitaldietan, eta zentroko langileek euren babes osoa adierazi dute instalazioetatik bertatik.
Bestalde, Martxoaren 8ko plazan Egunero da martxoaren 8a espazioa dago ikusgai. Binilo eta kartelak jarri dira, mezu hori gogorarazteko. Mezu hori duela urte batzuk zabaldu zen, metro batzuk aurrerago dagoen plaka inauguratu zenean, Berdintasunaren Pasealekuan. Izan ere, egunero da martxoaren 8a, berdintasunaren alde borrokatzeko konpromisoak egunerokoa izan behar baitu.
Jarduera sozio-kulturalak
Emakumeen Topalekuan martxoaren 8ko kartel lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa dugu ikusgai, ohiko ordutegian, hilabete amaierara arte. Era berean, hilabete osoan zehar, Udal liburutegiak feminismoari, generoari eta zaintzari buruz prestatutako irakurketa eta ikus-entzunezkoen gida jaso ahal izango da.
Ostegun honetan, hilak 11, Bartzelonako Proyecto UNA elkarte milleniala osatzen duten kideek Make Internet Great Again hitzaldia eskainiko dute. Saio honetan, gorrotoaren diskurtsoen gorakada eta sare sozialen bidez izan duten hedapena ulertzeko gakoak emango dituzte. Era berean, horri aurre egiteko eta ziberespazio justuago bat sortzeko alternatibak eraikitzeko tresnak partekatuko dituzte. Hitzaldia 17:30ean hasiko da Lobiano Kultur Gunean, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.
Jardueren liburuxka eta martxoaren 8ko kartela Angela Garlito artista alacantarrak eginiko Agur al canon lanarekin ilustratu dira.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan