Ermua kardio-babestua: nigatik, zuregatik, guztiongatik
Bexen cardio enpresak herrian 22 desfibriladore izateko eta ‘erreskatatzaileen’ sare solidarioa osatzeko proiektua zuzenduko du
Ermuko Udalak eta Bexen cardio tokiko enpresak indarrak batu dituzte Ermua, hiri kardio-babestua izeneko proiektu soziosanitarioa garatzeko. Ekimen publiko-pribatua da, eta herritarrak eta herriko elkarte-sare aberatsa izango ditu oinarri. Bertan, kanpoko desfibriladore automatikoak instalatzeaz gain (DEA), aparailu horien erabileran eta oinarrizko bizi-euskarrian trebatutako boluntarioen talde bat eratuko da. Horiek osatuko dute udalerriko "erreskatatzaile" sarea, Ermua edozein ezbeharri ahalik eta lasterren erantzuteko moduko azpiegiturak dituen herria bihurtzeko. Laburbilduz, Ermua seguruagoa denontzat.
Juan Carlos Abascal alkateak eta Oxel Etxebarria Bexen cardioko zuzendariak proiektua aurkeztu dute ostiral honetan, hilak 23, Izarra Centren. Ondoan izan dute Anne Erauskin (Zev Bm Zuazo), Emakumezkoen Ohorezko Mailako Eskubaloi Ligako jokalari ermuarra, Mirene Morenorekin batera (Super Amara Berabera) ekimen honen enbaxadorea.
Aurkezpenean nabarmendu den bezala, herritarren parte-hartzea izango da proiektu honen arrakastaren ardatza eta gakoa. Izan ere, herrian bihotz-biriketako geldialdia jasaten duen edonoren biziraupen-probabilitatea areagotzeko, beharrezkoa da azkar eta eraginkortasunez erantzuteko gai diren boluntarioen komunitatea izatea.
Urtean 30.000 pertsona hiltzen dira Espainian ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdien ondorioz, eta batez besteko biziraupen tasa %10ekoa da. Euskadiko larrialdi-zerbitzuek ospitalez kanpoko 70 bihotz-biriketako geldialdi inguru artatzen dituzte hilean. 16.000 biztanle dituen herria izanik, Ermuan estatistikoki mota honetako 6-7 ezbehar gertatzen dira urtean. Beraz, azkar erantzuten jakitea funtsezkoa da.
Biziraupen-katearen garrantzia
Biziraupen-katea bihotz-biriketako geldialdia jasan ondoren bizirauteko probabilitateak areagotzen dituen jarduera-sekuentzia da.
Horri dagokionez, Bexen cardio enpresak konponbide integral berritzaile bat proposatzen du, biziraupen-katea ziurtatzeko hiru ardatz nagusiak indartzen dituena:
- Erantzun azkarra: geldialditik inork esku hartu gabe igarotzen den minutu bakoitzeko, bizirauteko aukera %10 jaisten da. Seigarren minututik aurrera, pronostikoa larriagoa izango da. Probabilitateak handitu egiten dira arreta berehala eskaintzen bada, eta horregatik Bexen cardiok IoT teknologien bidezko desfibriladore sistema garatu du, boluntarioen komunitatea alerten bidez mobilizatzea ahalbidetuko duena.
- Desfibriladore irisgarria eta operatiboa: bihotzeko bat-bateko heriotzaren kausa nagusia arritmia bentrikular hilgarriak dira, eta desfibriladore batek emandako deskarga elektriko batekin tratatu behar dira. Ekipo horiek oso seguruak eta erabilerrazak dira; gutxieneko prestakuntza eta entrenamendua duen edonork erabil ditzake. Beraz, oinarrizkoa da desfibriladore kopurua areagotzea, eta proiektu honekin, gure udalerrian 12 aparatu izatetik 22 izatera pasako gara. Aparailu bakoitza eguneko 24 orduetan monitorizatuta egongo da, beti erabiltzeko prest.
- Bizkortze-maniobrak eta desfibriladorea erabiltzea: istripua izan den lekura hurbiltzen diren edo bertan dauden pertsonek bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egingo dituzte eta desfibriladorea erabiliko dute. Guztion berme eta kalitaterako prestakuntza behar dugu. Bexen cardiok azken teknologiak erabiltzen ditu boluntarioen komunitatearen etengabeko prestakuntza ziurtatzeko: errealitate birtuala aurrez aurreko prestakuntza-saioetan, eta online plataforma bat ikasitakoa ez ahazteko prestakuntzarako, laguntzaren kontzeptuak eta urratsak oraindik ere barneratuta daudela ziurtatzeko.
Herritarren parte-hartzea, ezinbestekoa
Proiektu honen arrakastaren gakoa herritarren parte-hartzea da: geldialdi baten aurrean bizirauteko probabilitatea maximizatzeko, azkar eta eraginkortasunez erantzuteko gai den boluntario sare bat osatu behar dugu. Ikerketek erakusten dutenez, komunitatearen parte-hartzeak eta desfibriladoreen hedapenak nabarmen hobetzen dute ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdiari ematen zaion arreta. Ekimen honek bizitza salbatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta tresnak emango dizkie boluntarioei.
Ermuan bizi den edota bertan lan egiten duen eta modu seguruan eta eraginkorrean laguntzeko eta trebatzeko gogoa duen adin nagusiko edonorentzat zabalik egongo da programa. Horrela, datozen asteetan parte-hartze masiboko kanpaina bat hasiko da udalerrian "erreskatatzaile" sarea osatzeko. Boluntario horiek 3-4 orduko prestakuntza-saioak jasoko dituzte bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egiten ikasteko eta kanpoko desfibriladore automatikoak erabiltzeko. Fase hau maiatzaren amaieran burutuko da, eta laster jakinaraziko dugu nola eman izena ikastaroetan.
Aldi berean, 10 desfibriladore berri gehigarri jarriko dira, udalerriko gune estrategikoetan, pertsona guztientzat eskuragarri egongo diren paneletan.
Azkenik, eta proiektu komunitario honi amaiera egokia emateko, dibulgazio-jardunaldi bat egingo da, osasunaren eta lehen sorospenen arloko erakundeen parte-hartzearekin, Bihotz Eguna izenekoa.
Aldiroko prestakuntza eta kontzientziazioa funtsezkoak dira programak arrakasta izan dezan eta boluntarioen komunitatea aktibo mantentzeko. Horrela, programa honen jarraipena urteroko ikastaroekin eta Bihotz Egunarekin egingo da.
Proiektuaren kostu osoa 14.950 eurokoa izango da, eta barne hartuko ditu prestakuntza, desfibriladoreen eta panelen instalazioaren kostua, baita 4 urterako mantentze eta instalazioarekin lotutako zerbitzu guztiak ere.
Lotutako albisteak

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude