Aurtengo Ezekiel Etxebarria sariak ‘Miñan’ literatur lanak eskuratu du
Udal liburutegiak dituen aleen artean iaz euskarazko libururik irakurriena izateagatik
Lan hau Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek egindakoa, non Ibrahimak ahotsa jartzen duen eta bere sorterritik, Gineatik Europara egindako ibilbidea kontatzen duen eta Ametsek kontakizun hori hitzez paperera ekartzen duen. Oso liburu irakurterraza den lan honetan etorkinen egoera latza azalarazten da, eta Europara heldu arteko Ibrahimaren bizipenak kontatzen ditu, askotan guretzat ezezagunak, gure kostaldeetara heltzen direneko argazkiak besterik ez baitugu ikusten eta zenbakiak besterik ez baiaizkigu heltzen, Baina, zenbaki horien atzean pertsonak daude eta historia bat, eta oraingoan, Ibrahima Balderena ezagutzeko aukera izan dugu, liburu guztiz gomendagarria.
Sari honetarako, aurreko edizio guztietan legez, Ermuko Liburutegian urtean gehien mailegatutako lana aukeratzen da eta horri ematen zaio saria, irakurleak eurak sari-aukeratzaile bihurtuz, alegia.
Amets Arzallus asko ezaguna bertsolaritza munduan, 2013an irabazi zuen Bertso Txapelketa Nagusia eta horretan oso ibilbide oparoa du egina. Lan hau bere bigarren liburua da, lehena, Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak (2006, Argia liburuak) izan zen.
Ibrahima Balde Ginean 1994an jaioa. Aita gazterik hil zitzaion, eta anaia desagertu zenean haren bila abiatu zuen Gineatik Europaranzko bidaia. Pobrezia, desertua, tortura, esplotazioa, Mediterraneo itsasoa gurutzatzea... bizipen gogorrek markatu zuten Euskal Herrira iritsi bitarte egin zuen bidaia. Ofizioz auto-mekanikaria da, eta Madrilen bizi da gaur egun, tailer batean prestakuntza egiten ari den bitartean.
Sinopsia
Gineako hiriburutik Nzerekorera mila eta hirurehun bat kilometro daude. Ibrahima han ibili zen hiru edo lau urtez, kamioi batean, gidari batek aprendiz onartu zuelako. Aste batean Konakrytik Nzerekorera joaten ziren, eta hurrengo astean Konakryra itzuli. Egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea.
Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Berezia duelako zauria, eta berezia kontatzeko manera. Hitz egitean han balego bezala.
Etxebarriaren omenez
Sari hau duela bederatzi urte hasi ginen ematen, Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta Ermuan egindako lana aitortzeko asmoz. Etxebarria,’Abadetxikia’ ezizenez ezaguna, 56 urtetan apaiza izan zen Ermuan, XIX. mendean. Bere euskaltzaletasuna oso agerikoa zen, eta euskarazko hainbat bertso idatzi zituen herriko orduko ohituren berri emanez.
Ugariak dira bere obran erlijio gaiak, ahoz aho transmititutako Gabon kantak eta herriko jaun eta lagunei eskainitako bertsoak, besteak beste, On Juan Valdespinako markes jaunari, Julian Gayarreri, Domingo Iturrarani eta Jose Iraegiri. Bertso-paper horiek guztiak 1996an aurkitu ziren Ermuko abade etxean, eta Fernando Aranberriren ‘Ermua eta Eitzako euskara’ liburuan jaso ziren.
Bertso horiek ez dira, ordea, Etxeberriak utzitako ondare bakarra: 1899an ‘Etimologías vascongadas o sea, Ensayo sobre interpretación y reconstrucción del Vocabulario Vascongado’ lana argitaratu baitzuen Durangon, eta loreen zainketaren eta ortuarien inguruan ere zaletasun aparta zuenez, artikulu ugari utzi zituen idatzita. Ezekiel Etxebarria Ermuan hil zen, 1925eko abuztuaren 25ean.
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko