Bihotz Egun eguzkitsuak eman dio amaiera 'Ermua, hiri kardio-babestua'ren lehen faseari
Ermuko Udalak eta Bexen cardio herriko enpresak Bihotz Eguna antolatu eta ospatu dute larunbat honetan, Ermua, hiri kardio-babestua proiektuaren lehen atalari amaiera ematen dion ekitaldia, hain zuzen. Jardunaldia San Pelaio plazan izan da, eta ehunka lagunek bertatik bertara ikusi eta ezagutu dituzte Gurutze Gorriko, DYAko, Ludus Globaleko, Teknodidaktikako, EHUko, Ermuko Udaltzaingoko eta Bexen cardioko osasun eta teknologia ekipoak.
Plazan zehar jarritako karpetan, adin guztietako pertsonek bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak (BBB) egiten ikasteko aukera izan manikiekin eta errealitate birtualeko teknologiekin, osasun-profesionalen jarraibideei eta aholkuei jarraituz.
Bihotz Egunean parte hartu duten pertsonek Reanibex 100 desfibriladoreak zertan datzan ezagutu ahal izan dute, horixe baita udalerriko 10 puntu berritan instalatu den modeloa. Desfibriladore horren diseinuan izaera intuitiboa eta erabilgarritasuna oinarri izan dira. Aparailuak pertsonak ahalduntzen ditu, eta segurtasunez eta lasaitasunez gaitzen eta gidatzen ditu, bihotz-biriketako geldialdien ondoriozko erreanimazioari buruz aurretiko ezagutzarik izan beharrik gabe.
Ekitaldia amaitzeko, Oxel Etxebarria Bexen cardioko zuzendariak, proiektuaren enbaxadore izan diren Mirene Moreno eta Anne Erauskin eskubaloi jokalari ermuarrek eta Juan Carlos Abascal alkateak hitz egin dute. Guztiek azpimarratu dute oso garrantzitsua dela udalerri kardio-babestua izatea, eta esker oneko hitzak izan dituzte herritar guztientzat, eta, bereziki, BBB maniobren eta desfibriladoreen erabileraren inguruko prestakuntza-ikastaroetan parte hartu duten 200 pertsona ingururentzat. Pertsona horiek osatzen dute orain herriko erreskatatzaileen sarea, eta azken asteetan jasotako ezagutzei eta Ermuan instalatutako ekipo berriei esker, erantzun azkarra eman ahal izango dute bihotz-biriketako geldialdia gertatuz gero.
Bihotz Eguna Ermua, hiri kardio-babestua proiektuaren lehen fasearen amaiera baino ez da izan; aurrerago, jendea prestatzen jarraituko dugu, gure herria guztiontzako leku seguruagoa izan dadin.
Eskuragarri dago erreskatatzaileentzako alerta-aplikazioa
Bexen cardiok Reanibex Alert mugikorretarako aplikazioa estreinatu du, Android gailuetarako eta laster iOS sistema eragilerako. Tresna horri esker, erreskatatzaile aktiboek alertak jaso ditzakete herrian bihotz-arnaseko geldialdi bat gertatzen denean eta haien laguntza behar denean. Era berean, Ermuan jarri diren desfibriladoreak aurkitzeko mapa bat ere erakusten du, azkarrago jarduteko.
Lotutako albisteak

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude