Areitioko igoera moztuta, Lomi Power ingurua urbanizatzeko obrak direla eta

29.07.21
Hirigintza

Zearkale eta Lomi Power urbanizazio berria lotuko dituen lurpeko pasabidea eraikitzeko lanak abian dira jada. Datozen sei asteetan, Altuna y Uria enpresak sarbide berria egingo du, bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat, ''baskula'' autobus geralekutik eraikitzen ari diren etxebizitza berrietara. Hori dela eta, irailaren 10era arte, BI-3344 errepidea itxita egongo da Areitiorako igoeran, Kaltxangoko biribilgunetik Zearrekobuelta pareraino doan zatian.

Bi erreiak itxita daudenez, Areitioko gainean eta San Lorentzoko biribilgunean seinaleak jarri dira, ibilgailuentzako desbideratzerik egokienak adieraziz. Hala, Areitiotik udalerrira iritsi ahal izateko, saihesbidetik San Lorentzoko biribilgunera jaistea gomendatzen da, eta handik, herrira sartzea. Beste aukera Mallabia aldera jaitsi eta Ermura Urtia industrialdetik barrena sartzea da.

Bestalde, Zearrekobueltako enpresetara oinez igo ahal izateko, behin-behineko metalezko eskailera bat kokatu da Zearkalen, prentsa kiosko zaharra zegoen lekuan, Torreta Etxetik igotzen den pasealekuaren zati bat ere itxita baitago obrengatik.

Azpimarratu behar da, lan horiek direla eta, ''baskula''ko autobus geltokia kendu egin dela datorren irailaren 10era arte, hemen zehazten den bezala.

Lurpeko pasabideak Lomi Powerreko etxebizitzetako garajeetarako sarbidea emango du, bai eta eremu berean kokatuko den txandakako udal-aparkalekurako sarbidea ere.

Ermuko trafikoaren analisia

Lurpeko pasabideko obrak egiten hasi aurretik, gure herriko trafikoa sakon aztertu da, fluxuak hobeto ezagutzeko eta eragin gutxien izan dezaketen jarduerak aukeratzeko.

Leber ingeniaritza enpresa arduratu da trafikoa aztertzeaz, batez ere Kaltxango eta San Lorentzoko biribilguneetan eta inguruabarretan, eta ikerketaren ondorioen arabera, semaforo eta pasabide alternatiboen bidez errepidea partzialki ixteak auto-pilaketa latzak sortuko lituzke udalerri osoan. Gainera, lanek hilabete batzuk iraungo lukete.

Hori horrela, errepidea osorik ixtea erabaki da, hiritarrentzat eta herriko trafikoarentzat kalte gutxien dakarren aukera baita. Gainera, modu horretara, obren iraupena sei astekoa soilik izango da, eta horietatik lau, abuztuan, hilabete horretan izaten den trafiko eta jarduera murritza aprobetxatuz.

Ikerketa osoa eta obrari buruzko informazio guztia uztailaren 6ko Informazio Batzordeko bideoan ikus daiteke (00:53:15).

Lotutako albisteak

Imagen
Previo_apertura_variante_sallabente_4
13.06.25
Aldundiak ibilgailu astunak desbideratzeko trafiko-azterlana aurkeztu du

Udalak eta Ermuko Saihesbidea herri plataformak emaitzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ostiral honetan
Imagen
09.06.25
Ermuko Klima eta Energia Plana osatzeko bilera irekia

Informazio eta parte-hartze saioa astearte honetan, ekainak 10, izango da 18:30ean Lobiano Kultur Gunean
Imagen
06.06.25
Abian da herriko argiteria publikoa hobetzeko Plan Bereziaren lehen fasea

Udalak 106.000 euro baino gehiago inbertituko ditu hasierako fase honetan, eta udalerriko bost gunetan 209 argi ordezkatuko dira