Folkez Blaik Ermuan arituko diren sei talde finalistak aukeratu ditu

05.08.21
Kultura eta Gazteria

Folkez Blai musika lehiaketa ezagunak XVI. edizioa ospatuko du aurten. Ermuko Udaleko Kultura Sailak jada hautatu ditu sei talde finalistak, eta irailaren 10etik 12rako asteburuan zuzenean aurkeztuko dituzte euren proposamenak Orbe Kardinala plazan. Aurtengo egitaraua lehiaketaz kanpo arituko diren hiru talde gonbidatuk osatzen dute.

Folkez Blai egitasmoa irabazten duen taldeak 3.000 euroko lehenengo saria eskuratuko du, eta bigarren sailkatzen denak, aldiz, 1.500 euro jasoko ditu. Gainera, garaileak jaialdiaren hurrengo edizioan talde gonbidatu gisa parte hartzeko aukera lortuko du.

Saria eskuratzen ez duten baina finalera sailkatu diren talde guztiek 400 euroko diru-laguntza jasoko dute, Ermura kontzertua eskaintzera etortzean izango dituzten gastuak ordaintzen laguntzeko.

Kontzertuen egitaraua

Musika programazioa irailaren 10ean, ostirala, hasiko da, 18:30ean, El Nido taldearen kontzertuarekin. Gaztela-Leongo laukoteak euren musika propioa sortzea du jomuga, musika tradizionala oinarri hartuta, baina ikuspuntu moderno eta bereziarekin. Euren sorkuntzetan etxean, “habian” sentitzeak dakarren indarra eta atsedena gogora ekarri nahi dute, hausnarketaren eta hazkundearen sinbolo gisa.

19:45ean, Tribu Cendra talde madrildarra izango dugu eszenatokian. Lau gaztek musika zelta eta herrikoiarekiko duten pasioak eta ilusioak bultzatuta sortu da taldea. Euren formakuntza klasikoak eta barrokoak, folk estiloarekiko duten interesarekin batera, indarrak batu ditu laukote honetan, eta biolina, biola, biolontxeloa eta gitarraz gain, Victor Gallegoren perkusioa dute lagun. Horrekin guztiarekin, kanon tradizionaletan oinarritutako folk musika eta abesti propioak aurkeztuko dizkigute.

Ostiraleko egitaraua osatzeko, Howdy Bluegrass iazko Folkez Blai jaialdiko garaileak izango ditugu gurekin, gonbidatu moduan eta lehiaketaz kanpo. 21:00etatik aurrera, Orbe Kardinala plazan Bill Monroek 40ko hamarkadan sortutako abestiak eta doinuak izango ditugu entzungai beste behin.

Larunbatean, programazioa 18:30ean hasiko da Rascanya valentziarren eskutik. Mediterranioko musika eta dantza tradizionalak izango ditu oinarri taldeak, giro abegitsua sortuz eta dantza partekatuz zoriona, dibertsioa eta harreman soziala ekarriz.

19:45an Caamaño & Ameixeiras emakume bikote galiziarraren txanda izango da. Errotik sortutako musika eta dantzari lotuta dago taldea, eta tradizio galiziarra oinarri hartuta, beste tradizio batzuk aztertu eta lantzen ditu bikoteak, munduko beste txoko batzuetako musika herrikoian murgilduz, hala nola, Europako muturreko Balkanetatik hasi eta ozeanoaren beste aldera iritsiz, Brasil nahiz Argentinara.

Egunari amaiera emateko, 21:00etan, Felpeyu asturiarrak izango ditugu gurean, lehiaketaz kanpo. Asturiasko musika tradizionala berregitea da talde honen lanaren helburua, Europako folkean gaur egun dauden joerekin batera. Horretarako, Asturiasko herri-tradiziotik datorren instrumentazioa eta Europako esparru atlantiko orokorrago eta gaurkoago batetik datorrena uztartuz egiten dute soinua, baina soinu akustikoa galdu gabe.

Igandean, hilak 12, emanaldi berezia eskainiko digu jaialdiak 13:00etatik aurrera. El barco de Martin proiektua izango dugu gozagarri, familia osoarentzako kontzertu didaktikoa, Jorge Arribas musikari eskarmentudunak bultzatua (musikoterapiako masterra, Fetén Fetén eta Taper Duel musika bikoteen sortzailea eta Musgaña eta Celtas Cortos taldeetako kide ohia).

Arratsaldean, lehiaketan parte hartuko duten azken bi taldeak arituko dira. 18:30ean, Deira hirukote asturiarraren kontzertua izango dugu, flauta, biolina, bouzoukia eta banjoa bezalako instrumentuak erabiliz, folk musika euren erara interpretatuko digutenak.

Amaitzeko, 19:45ean, Sarrabete euskal taldeak itxiko du jaialdia. Talde honen helburu nagusia gaur egun euskal folk musikan presentzia handirik ez duen instrumentua berreskuratzea zen: zarrabetea. Musikariek doinu berriak deskubritu nahi izan dituzte proiektu honen bidez, eta, horretarako, soinu garaikideetatik abiatutako sorkuntzak sartu dituzte errepertorio tradizional batean.

Informazio gehiagorako, ikusi ezazu jaialdiaren mikrositea. Aurrerago xehetasun gehiago eskainiko dizkizuegu kontzertuetan zehar indarrean egongo diren osasun eta higiene neurrien eta edukieraren inguruan.

Lotutako albisteak

Imagen
15.05.25
2025eko Santixauak: kartela eta suziriak nork botako aukeratu da

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da
Imagen
14.05.25
Banarte Antzerki Tailerrak ‘Ensayo general’ muntaia aurkeztuko du

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du
Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude