Ermuak San Martin Azoka berreskuratuko du 2021 honetan

30.09.21
Euskara

Covid-19aren pandemiaren ondorioz 2020ko ospakizunak bertan behera utzi ostean, Euskal Birusa elkarteak baieztatu du aurtengoan San Martin azokaz gozatzeko aukera izango dugula. Azaroaren 13a, larunbata, da aukeratutako eguna, eta urriaren 1ean, ostirala, hasiko dira nekazaritzako eta artisautzako produktuen postuetan parte hartzeko izen-emateak.

Azoka ospetsu honen XXXI. edizioaren helburua udalerrian euskararen erabilera sustatzea da, eta, horretarako, postuetan parte hartzen duten pertsonekin gure hizkuntzan hitz egitea bultzatzen da. Aldi berean, ikusgai dauden artisautza-lanei esker, belaunaldi berriei antzinako ohiturak erakusten zaizkie.

Aurreko urteetan bezala, nekazaritza azokan parte hartuko duten postuak sei modalitatetan banatuko dira: fruta eta barazkiak, gazta, sagardoa, txakolina, ogia eta eztia. Deialdia Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeetako eta Eibarko nekazari eta ekoizleei irekita dago, eta eztia, sagardoa eta txakolinaren kasuan, Bizkaiko udalerri guztietako parte-hartzaileak onartuko dira.

Lehiaketak 1.000 euro baino gehiago banatuko ditu saritan. Gainera, fruta eta barazki erakusketan parte hartzen duten pertsonek 100 euroko dieta jasoko dute, eta beste 100 euroko aipamen berezi bat egongo da, saririk jaso ez arren, hobekien aurkeztu eta apaindu den posturako.

Azokan parte hartzeko izena emateko orria hemen aurki daiteke, eta, kategoria bakoitzari dagokion dokumentazio osagarriarekin batera, Abiapuntu bulegoan (Konbentukoa, 3) jasoko da astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. Epea urriaren 15ean amaituko da.

Artisau azokari dagokionez, lehentasuna izango dute herriko artistek, eta eurek egindako produktuak soilik saldu ahalko dituzte. Modalitate honetan izena emateko epea berbera da, urriaren 1etik 15erakoa, eta Euskal Birusaren bitartez egingo da euskalbirusa@gmail.com helbide elektronikora izen-abizenak, NANa, helbidea, telefonoa, e-maila eta azokan erakutsiko diren produktuen azalpena bidaliz.

Informazio gehiago behar izanez gero, kontsulta itzazu kategoria bakoitzeko oinarriak edota jar zaitez harremanetan Euskal Birusarekin 943 17 93 50 edo 688 63 28 76 telefonoetan.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
15.04.25
Udalak euskara sustatzeko aurtengo dirulaguntza lerroak zabaldu berri ditu

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago