Abian da Beldur Barik lehiaketaren XII. edizioa

07.10.21
Berdintasuna

Emakundek antolatzen duen Beldur Barik programak Beldur Barik Jarrera lehiaketa deitu du aurten ere. Neskek eta mutilek emakumeen eta gizonen egungo desberdintasun-egoerari errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jarrera eta portaerekin nola egiten dioten aurre aitortzea, balioestea eta bultzatzea da ekimen honen helburua.

Lehiaketa Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ikasten duten 12 eta 26 urte bitarteko pertsona guztiei zuzenduta dago. Banaka edo taldean parte hartu ahal izango da, pertsona edo talde bakoitzeko gehienez hiru proposamenekin: bideo bat, flashmob bat, poema edo testu gogoetatsu bat, bideoklip bat, dantza bat, film labur bat, animazio bat, etab. Eduki aukerak askotarikoak dira, baina aurkeztu beharreko formatuak gehienez hiru minutuko bideo bat izan behar du, Youtubera edo Vimeora modu publikoan igota. Bideoetan azpitituluak sartzea ere nahitaezkoa izango da.

Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik Jarrera islatu behar dute, indarkeria matxista mota guztiak gainditzeko eta harreman askeak, errespetuzkoak, berdintasunezkoak, askotarikoak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa islatuz. Kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea, nesken ahalduntzetik abiatuta hausnarketak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna eta mutilek matxismoaren aurka duten konpromisoa baloratuko dira, Beldur Barik jarrera islatuz.

Lanak aurkezteko epea azaroaren 5ean, ostirala, amaituko da. Kontsulta itzazu oinarriak lerro hauen azpian eta jo ezazu parte-hartze eskabidera hemen.

Kategoriak eta sariak

Lehiaketan parte hartzen duten pertsonak hiru kategoriatan banatuko dira, adinaren arabera:

  • 1. kategoria: 2021ean 12 edo 13 urte betetzen dituzten pertsonak, 2008an eta 2009an jaiotakoak.
  • 2. kategoria: 2021ean 14 eta 18 urte bitartekoak, 2003 eta 2007 artean jaiotakoak.
  • 3. kategoria: 19-26 urte betetzen dituzten pertsonak 2021ean, 1995 eta 2002 artean jaioak.

Adin kategoria bakoitzean, proiekturik onenak 400 euroko saria jasoko du, eta modalitate bakoitzeko aipamen berezi bat emango da, 200 eurokoa. 300 euroko bi sari berezi ere izango dira: bata ikus-entzunezko lan onenarena, proiektuaren kalitate artistikoa baloratuko duena, eta bestea parte hartzearena, azaroaren 11n eta 12an herri bozketa bidez erabakiko dena.

Lehiaketaren erabakia azaroaren 13an jakinaraziko da.

Ermuko tokiko lehiaketa

Beldur Barik Emakundek antolatzen du, EUDELek eta Foru Aldundiek bultzatuta, eta EITB, UPV/EHU eta Berdinsarearen barruan dauden hainbat udalen laguntzarekin. Horien artean dago Ermua, zeinak tokiko lehiaketa bat ere deitzen duen.

Ermuan erroldatuta dauden 12 eta 26 urte bitarteko pertsonek lehiaketa orokorrean parte hartzearekin batera, herriko lehiaketarekin ere bat egin dezakete. Horrela, Ermuko Udaleko Berdintasun Unitateak tokiko proposamenik onenak sarituko ditu, 300 eurorekin kategoria bakoitzeko lan onenari.

Informazio guztia www.beldurbarik.eus webgunean eta Ermuko Emakumearen Topagunean eskura daiteke (Izelaieta z/g, telefonoa: 943 17 10 30).

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan