Biktimen memoria eta duintasuna batera ohoratu du Ermuak beste behin
Ermuan terrorismoaren biktimak omentzeko eta gogoratzeko ekitaldi instituzionala egin dugu gaur, bereziki Sotero Mazo Figueras eta Miguel Angel Blanco Garrido gogoratzeko eta omentzeko, bigarrena bahitu eta erail izanaren hogeita bosgarren urte betetzen direnean. Ekitaldi eta oroitzapenaren buru Erregea izan da, eta, besteak beste, honako ordezkari hauek bildu ditu: Pedro Sanchez Gobernuko presidentea, Meritxell Batet parlamentu nazionaleko presidentea, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Juan Carlos Abascal herriko alkatea, Joseba Segura Bilboko artzapezpikua, biktimen senideak; Regina eta Segundo Mazo anai-arrebak, María del Mar Blanco, Alberto Núñez Feijoo edo Inés Arrimadas politikariak, eta eragile sozialak, enpresarialak, sindikalak, epailetzako, politikako eta segurtasun-kidegoetako ordezkariak eta udalerriko bizilagunak, besteak beste.
Ekitaldia streaming bidez emititu dugu zuzenean, eta, horrez gain, jardunaldirako akreditazioa duten ehun komunikabide baino gehiagori eman diegu seinalea. Bideo hori jarraian utziko dizuegu eta bertan Alderdi Popularreko zinegotzi gaztearen izena daraman kiroldegiko pistan izandako hitzaldiak ikusi eta entzun ditzakezue. Ekitaldian, Carlos Totorika buru duen 1997ko Udalbatza omendu da, eta bertako kideei Agustin Ibarrolak egindako biktimen monumentuaren erreprodukzio bat oparitu zaie. Mª Asun Ardanza; Miguel Ledesma, Eduardo Markina, Natividad Alonso, Alfredo Lucio, Luis Mª Eguiluz, Jesús Villoria eta Arritokieta Araiztegi izan dira orduko zinegotziak. Mari Mar Blancok jaso du oroigarria anaiaren izenean.
Felipe VI.ak biktimen zuzeneko senideekin elkartu da ondoren, eta Gogorak, Memoriaren eta Giza Eskubideen Euskal Institutuak prestaturiko bideo batean testigantzak utzi dituzten ikasle gazteak ere agurtu ditu.
Agintarien hitzen ondoren, San Pelaio auzoko biribilgunean dagoen monumentura eraman dituzte, minutu bateko isilunea egin dute eraildako pertsonen omenez, eta loreak utzi dituzte monumentuaren aurrean, zeinaren oinetan su-gar bat piztuta zuen pebetero bat baitzegoen.
Alkateak beren-beregi eskertu du senideek parte hartu izana eta gaur terrorismoaren biktimen elkarteek parte hartu izana
Jardunaldiaren amaieran, Juan Carlos Abascalek pozik agertu da ekitaldi instituzionalaren garapenagatik, eta bereziki eskertu du biktimen senitartekoek parte hartu izana eta hainbat elkarteri parte hartu izana, hala nola, Terrorismoaren Biktimen Elkarteari (AVT), COVITE Fundazioari, Biktimen Extremadurako Elkarteari, Gaztela-Leongo Biktimen Elkarteari, Terrorismoak kaltetutako pertsonen 11M Elkarteari, bat egin eta bertaratu diren Terrorismoaren Biktimen gainerako elkarteei, eta baita etorritako partikularrei”.
Azpian, lehen irudi-galeria bat uzten dizuegu, eguneko nabarmenena laburbiltzen duena.
Lotutako albisteak

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere