Olentzerok agur esango dio 2022. urteari
Ordu batzuk baino ez dira falta 2022. urteari amaiera eman eta 2023an sartzeko, baina oraindik hitzordu oso garrantzitsu bat dugu urtea bukatu baino lehen. Izan ere, bihar, abenduak 31, Olentzero geure artera bueltatuko da berriz ere.
Euskal Herriko ikazkinik ezagunena urteko azken eguneko 18:00etan iritsiko da Ermura, pertsona helduen kalejira egiteko. Ohiko legez, Txindurri dantza eta txistu taldearekin batera kalejira alaian abiatuko da eta herriko kale nagusietatik igaroko da. Txindurrik Txistu eta Dantza taldeak parte hartzera deitu du, jarduerak bere berrogeita hamargarren urteurrena beteko baitu aurten. Desfilea Orbe Kardinala plazan amaituko da, eta parte-hartzaile guztiek kantuak abestuko dizkiote bertan. Ekitaldia amaitzeko, ohiturari jarraiki, Olentzeroren irudiari su emango zaio.
Euskal Herriko herri gehienetan Olentzeroren etorrera abenduaren 24an ospatzen bada ere, Ermuan 31n egiten diogu harrera. Horren arrazoia argitzeko gerra sasoira joan beharra dago, Olentzero ospatzeko kalera taldean irten ahal izateko agiri eta baimen guztiak behar ziren garaira, hain zuzen ere. Urte batean, baimenak ez ziren garaiz iritsi abenduaren 24rako, eta egun horretan ezin izan zen kalejirarik egin. Hala eta guztiz ere, ermuarrek ez zuten etsi eta baimenak eskuratu ahala, atzerapenez bazen ere, ekitaldia egitea erabaki zuten urteko azken egunean. Harrez geroztik, urtez urte, Olentzero abenduaren 31n etortzen da Ermura.
Lerro hauen ostean aurreko urteetako desfileko irudiak dituzue ikusgai.
Lotutako albisteak

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Etxebizitzetan sartzen saiatzearen ustezko delitua leporatu diete