Agustin Ibarrolaren gogoan

17.11.23
Imagen
Erakundea
Gizartea
Pintore eta eskultorea gaur zendu da 93 urte zituela. Ermuak omenaldia egingo dio, herriarekin eduki zuen harremanagatik eta asakasunaren alde egindako lanagatik

Ermuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, Agustin Ibarrola Goikoetxea (1930-2023) margolari eta eskultorearen zendu berri jakin ondoren, artistak udalerriarekin zuen lotura estuaren aurrean, honako hau erabaki du:
- Une zail eta mingarri honetan, Agustin Ibarrolaren familiari eta hurbilekoei doluminak helaraztea.
- 3 dolu-egun deklaratzea. Egun horietan banderak masta erdian zintzilikatuko dira udaletxeko balkoian, lazo beltzarekin.
- Terrorismoaren biktimen omenezko monolitoaren edo monumentuaren aurrean sua piztuta izango duen ontzi bat jartzea. Monolito edo monumentu hori utzi berri digun artista unibertsalak diseinatu eta dohaintzan eman zion Ermuko herriari.

Ibarrola, artista nekaezina eta polifazetikoa

Agustin sortzaile urduri eta nekaezina izan da, eta arteari diziplina anitzeko ikuspegi batetik heldu dio. Hori dela eta, bere lanak pintura, eskultura, grabatuak, papera eta erreprodukzioak ditu.

Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen. Ondoren, Madrilen, Daniel Vázquez Díazen tailerrean, kubismoa ezagutu eta jorratu zuen. 1956an Parisera joan zen, eta bertan hainbat lan egin zituen eta 57. Taldea osatu zutenak ezagutu zituen. 1961ean Bilbora itzuli eta Estanpa Popularreko grabatzaile taldean sartu zen, euskal sailean. 50eko hamarkadan bere ekoizpen eta pentsamolde artistikoan eragin handia izan zuen artista bat ezagutu zuen, Jorge Oteiza euskal eskultorea; berarekin batera konstruktibismoaren berezko espazioaren banaketan eta azterketan sartu zen.

Hirurogeiko hamarkadan, alderdi komunistan zuen konpromiso politikoa eta militantzia zirela eta, Burgosko kartzelara eraman zuten hainbat urtez.

Bere pintura-lana bere ideologia politikoaren garapen plastikoa da, eta pintura sozialaren barruan sar daiteke, proletarioen eta landa-munduaren errealitatea salatuz. Bere lanak euskal espiritua eta langileekiko, jende xumeenekiko, konpromiso soziala uztartzen ditu, eta espresionismorantz jotzen du.

Abangoardia artistiko eta sozialean
80ko hamarkadan ekin zion eskultura-jarduerari eta pintura-lanaren ikuspegi bereziari, gerora bere zenbait obratan islatua, hala nola "Basoak" lanean. Duela urte batzuk, bere baserrira erretiratu eta formatu handiko pintura- eta eskultura-lanei heldu zien, eta naturan (Land Art) egin zituen esku-hartzeak landu zituen bere Basoak, zuhaitzetan egindako pintura-dekorazioak. Horien adibide bat, eta agian bere lanik ezagunena, Gernikatik gertu dagoen "Omako Basoa" da.

Ibarrolak Salamancan "Bosque Encantado" deiturikoa egin zuen. Toki horretan, Tormes ibaiaren ertzean, zumar lehor batzuk zeuden, zuhaitz horien berezko grafiosiaren gaixotasunaren ondorioz. Gaur egun ez da existitzen.

Ibarrolak ETAren terrorismoaren aurkako gizarte-mugimenduetan parte hartu zuen Euskadin, eta ¡Basta Ya! plataformaren sortzaileetako bat izan zen. 90eko hamarkadan bere obra batzuk arrazoi politikoengatik erasotuak izan ziren. Eta bere pertsonaren eta obraren boikota ezagutu zuen. Egoera horretan, terrorismoaren biktimak oroitzeko monolitoa eman zion Ermuari. Metalezko monumentu bat, korten altzairuz egina eta 15 metroko altuera duena, 2002an instalatu zen. Egiptoko monolito bat emulatzen du, eta eskulturak Euskadin bizitako indarkeria-egoera deskribatzen du, hainbat sinboloren bidez: betiko eroritako irudiak, oraindik zutik dauden baina mehatxatuta dauden irudiak eta aske hegan egiten duten txori biziak. Udalak materialaren kostua ordaindu zuen eta artistak obra Ermuko udalerriari eman zion.

Ermuak Udaletxeko hormak apaintzen dituzten hiru margolan ditu inbentarioan. Formatu handiko bat, askatasunarekiko zapalkuntza islatzen duena, arantzazko alanbre baten bidez. Baita formatu txikiagoko beste bi ere, alkatetza-bulegoaren sarrerako hormaren buru direnak.

Lotutako albisteak

Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik
Imagen
05.05.25
Adin guztietarako mahai-jokoen azken tailerra

Maiatzaren 15eko saiorako izen emateak zabalik daude. Saioa 17:30etik 19:30era egingo