Ermuan euskara gara: hemen da Ermuan Bagara ekimenaren edizio berria

Ermuko Euskaltzaleen Sareak Ermuan Bagara ekimenaren edizio berria antolatu du datorren larunbaterako, ekainak 3. Jarduera honen helburua gure herrian euskararen erabilera hedatzea da. Horretarako, elkarte, ikastetxe eta establezimendu ugarik parte hartzen dute, eta ekarpen guztiekin, herri osoa euskaraz apaintzeko askotariko programa osatzen da.
Jaia 10:00etan hasiko da, Orbe Kardinala plazan, Errotabarri Eskubaloi Taldearen eta Ermua CDaren eskubaloi eta futbol partidu mistoak ikusi ahal izango direlarik 12:00ak arte.
12:00etan ekitaldi nagusia izango da, dantzekin, mezuaren irakurketarekin eta taldeko argazki erraldoiarekin. Ekitaldiak irauten duen bitartean, Irazki pintura eskolako postalen erakusketa, Extremadurako zentroko arropa tradizionalen erakusketa, tonbola solidarioko haurrentzako puntu eta joskintza ikastaroa, Berbalaguneko mintzodromoa, Alboka Musika Eskolako musika, Gaztela eta Leongo zentroko calva jokoa (Martxoak 8 plazan) eta Eusliderren pintxo irabazlearen dastaketa ere izango dira.
15:00etan herri bazkaria izango da herriko elkarte gastronomikoei esker, eta bazkalosterako, Gazte Asanbladak eta Euskal Birusak abesti herrikoiak eskainiko dituzte, guztien artean abesteko.
Arratsaldean, Martxoak 8 plazan, Txindurrik dantza ikastaroak eskainiko ditu 18:00etatik aurrera, eta 19:00etatik 21:00etara erromeria alaia izango da Mugi Panderoaren eskutik. Eguna amaitzeko, Kahoot bat egingo da, eta erromeriak irauten duen bitartean izena emateko aukera izango da txikurian.
Aurreko edizioetan bezala, antolatzaileek parte hartzera eta Ermuan Bagara kamiseta eramatera animatzen dituzte herritarrak. Kamiseta hori asteburuetan plazan edo Euskal Birusaren lokalean jartzen den saltokian eskura daiteke.
Ekintza gehiago asteburuan
Egun handia baino lehen, Euskaltzaleen Sareak hainbat ekintza prestatu ditu giroa berotzeko. Horrela, maiatzaren 26tik aurrera eta astean zehar, Ermuko ikastetxe guztietako ikasleek grabatutako bideoak ikusi ahal izango dira. Bideo hauek tonbola solidarioaren lokalean eskainiko dira.
Ekainaren 1ean, osteguna, Hezkuntza Euskaraz plataformak hitzaldia eskainiko du 19:00etatik aurrera Lobiano Kultur Gunean. Ostiralean, hilak 2, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek hainbat kirol jardueratan parte hartuko dute, hala nola, euskal jolasak, herri kirolak, mendiko ibilbidea, etab. 19:00etan Mintzopoteoa hasiko da eta 21:30etatik aurrera Euskaraokea ospatuko da Eskilarapekon.
Animatuenentzat, ekainaren 4an, igandea, mendi irteera egingo da Artarrairekin Orbe Kardinalaren plazatik Urkoko haitzulora, 09:00etan. Kaskoa eta linterna eramatea gomendatzen da.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago