Jolasa eta dibertsioa nagusi izango dira beste behin Ermuko kaleetan

Jolasa da gure ikaskuntza-estrategia nagusia eta ia bakarra haurtzaroan, ibiltzen, hitz egiten edo irakurtzen ikasteko. Helduaroan ere, maite ditugun gauza askoren parte izaten jarraitzen du. Bestalde, jokoa espazio publikoa aktibatzeko tresna paregabea da, interakziorako eta kalearen erabilera eta bere gozamen kolektiboa berreskuratzeko. Harremanak izateko eta elkar ezagutzeko modu dibertigarri eta informala ere bada.
Errealitate horren jakitun, Ermuko Udalak bigarren urtez jarraian Jolasaren Eguna antolatu du maiatzaren 6rako, larunbata. Jardunaldi honen lehen edizioa 2022ko maiatzaren 28an izan zen, 2021/2022 ikasturteko Haurren Kontseiluko umeen proposamen eta ekarpenei esker. Maiatzaren 28an mundu osoan ospatzen den Jokoaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Orbe Kardinalaren plaza hainbat jarduera dibertigarrirekin bete zen. Oraingo honetan, ospakizunaren data aurreratzea erabaki da, hilaren 28ko Udal eta Foru Hauteskundeekin bat ez egiteko, baita maiatzean Ermuko taldeek antolatutako beste ekimen batzuekin ere.
Bigarren edizio honetarako, Ermuko Udalak publiko guztientzako programazioa prestatu du herriko hainbat kolektiborekin elkarlanean, Hiri Hezitzailea proiektu estrategikoaren bultzadari esker. Egun horretarako jarduerak aukeratu eta antolatzeko orduan, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Gutunean jasotako hiru printzipio hartu dira kontuan: kulturarako sarbidea, osasunaren sustapena eta espazio publiko bizigarriak.
Jolasaren Eguna hiru gune nagusitan banatuko da: Orbe Kardinala plaza, frontoiaren eta Erdikokaleren arteko pasabidea eta Martxoaren 8ko plaza. Jarduerak arratsaldean hasiko dira hiru guneetan, baina giroa berotzeko, metroflexia animazio ibiltaria izango dugu herriko erdiguneko kaleetan 12:00etatik 13:30era, herritar guztiak jardunaldi honetan parte hartzera gonbidatzeko.
16:30etik aurrera jolasak hasiko dira. Programazioa honako hau da:
Orbe Kardinala plaza
- 16:30 Musika ikuskizuna burbuilekin
- 17:00-18:00 Herri kirolak
- 18:00-19:00 Patinak (ekarri zure patinak eta babesgarriak)
- 19:00-20:00 Dantzak
- 17:00etatik 20:00etara: saskibaloi partidu mixtoak 3x3, Montessori jokoak, xake partidak eta munduko jolasak
Erdikokale-Frontoia gunea
- 17:00-18:00 Teatro en bandeja
- 18:00-19:00 Metroflexia tailerra
- 19:00-20:00 Metroflexia ikuskizuna
Martxoak 8 plaza
- 17:00etatik 20:00etara: aurpegiak eta azkazalak pintatzea, harea-mundua eta horma irudi kolektiboa
Zoritxarrez euria egingo balu, ekintzak Merkatu Plazan egingo dira.
Jolasaren Eguneko babesle eta laguntzaile dira Ermua Kirolak, Erretiratuen Etxea, Ermutarrak Xake Taldea, Ermua Saskibaloi Eskola eta Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Institutua.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Haurren Kontseiluak aldarrikapen ibilaldia antolatu du datorren maiatzaren 7rako, asteazkena

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere