Markos Gimenok zuen jenialtasunaren eta ekoizpenaren erakusle

09.09.24
Imagen
Kultura eta Gazteria
Gizartea
"Markos Gimenoren Karteletrak" erakusketa ikusgai Lobianon gaurtik hilaren 29ra bitartean

"Markos Gimenoren Karteletrak" izeneko erakusketan askotariko material eta sormen-lanak egongo dira ikusgai gaurtik aurrera. Erakusketa 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai lanegunetan, eta 12:00etatik 14:00etara asteburuetan, irailaren 29ra arte. Erakusketa gaur arratsaldeko 6etan inauguratuko da omenduaren jaioterrian, Bizkaiko Foru Aldundiaren "Euskal Herria Museoan" seihileko bat egon ondoren.

Markos Gimeno Vesga (Ermua, 1975-2018) artista moldakor eta polifazetikoa izan zen; diziplina ezberdineko sortzaile aparta, hainbat genero jorratu zituena, hala nola pintura, musika, antzerkia eta literatura. Gainera, bereziki nabarmendu zen palindromoen formulazioan – ezkerretik eskuinera eta alderantzizko zentzuan berdin irakurtzen diren hitzak edo esaldiak –, diziplina horretan jarri baitzuen arreta bere bizitzako azken urteetan.

"Markos Gimenoren Karteletrak" ermuar honek idatzitako palindromoetatik sortutako 53 kartel biltzen dituen erakusketa da. Lagun eta euskal artista ugarik lagundu eta ilustratu dituzte erakusketa honetarako Markos Gimenok sortutako palindromoak, adiskidetasunaren eta bere jenialtasunaren omenaldi gisa. "Markos Gimenoren 101 Letrakartel" liburuak ehundik gora irudi aurkezten ditu, Joseba Sarrionandiak glosatuak. Bildumak Markos Gimenoren eta benetako eta fikziozko hainbat egileren idazkiak biltzen ditu, Esteban Montoriok egindako diseinu bikainarekin. Gimenoren mundu palindromikoa modu intimoagoan esploratzeko aukera. Euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna da erakusketa, hitzak arte bihurtuz. Joseba Sarrionaindia eta Esteban Montorio dira erakusketaren komisarioak.

Gehienak PVC materialean kartel itxurarekin erreproduzitutako ilustrazioak dira, baina bisitariak Fernando eta Vicente Roscubas anaien, Aristides Hernández (Ares) artista kubatarraren eta Jose Enrike Urrutia Kapeau artistaren, Unai Iturriaga, Bigara edo José Antonio Azpilicueta ilustratzaileen lan originalak (collage, akrilikoak, erliebeak, tintaz egindako marrazkiak) eta Gotzon Garaizabal eta Luis Zavalamendiaren erliebeko lanak ere aurkitu ahal izango ditu. Gainera, Esther Astarloa zeramikari eta lagun ermuarraren laguntzari esker, Markoseko palindromoetan oinarritutako zeramikazko piezak daude ikusgai.

Joseba Sarrionaindiaren hitzetan, "Markos Gimeno ezagunagoa izateko garaia da. Bere bizitzak eta lanak denoi hainbat zentzutan interpelatzen gaituztela alde batera utzita, kartel palindromiko bakoitzak ezusteko linguistiko bat eta adimen joko bat proposatzen dizkigu. Eta, zalantzarik gabe, euskal komunitate duinago, alaiago eta sortzaileago baten parte sentiarazten gaitu".

Markos Gimeno Vesgaren biografia

Markos Gimeno Vesga 1974ko maiatzaren 5ean jaio zen Ermuan. Geldi egonezina eta jakingurako pertsona zen; animatzeko, entretenitzeko eta bere inguruan pentsarazteko dohaina zuena; sorkuntzara fokatua bizi izan zen. Bipolaritatea eta depresio-aldiak zituen; 44 urterekin bere buruaz beste egin zuen 2018ko abenduaren 7an, Eibarren. Musika arloan, "The Pepes", "Julio Kageta", "Dantzut" eta "PAM" (Puto Amoak Matematiketan) bandetako kide izan zen, non baxua jo eta ahotsa jartzen zuen.

Eszenatokietan antzerki bikotea osatu zuen Juanma Rodriguezekin, "Hipo y Condrias", "Macho-Maris" eta beste antzezlan batzuetan. Ahozko esperimentazio lan aparta egin zuen. Batetik, umorezko lexikal sorkuntzaren esparruan, "Hitzokei" proiektuan. Bestetik, palindromismoaren esparruan, ezkerretik eskuinera edo alderantziz berdin irakurtzen diren hitzak edo esaldiak aurkituz.

"Zerorajasoa.com" blogean palindromika asmatzeko jokoak proposatu zituen hainbat urtez, eta "131 AZA" (2014) liburuan jaso zituenak. Nazioarteko Palindromista Klubeko kide, jolasa eta linguistiko uztartzeko lanean aritu zen euskaldun bakarrenetakoa izan zen. Azken urteetan, gainera, calembour elebiduna garatu zuen, "Skizopoziks" (2016) monologo esperimentalarekin, zeinak bi hizkuntzetan homofoniarekin jolasten baitzuen, bere bipolaritateari aurre eginez eta ezagutaraziz.

Lotutako albisteak

Imagen
16.07.25
Jokabide matxistarik eta eraso sexistarik gabeko jaien alde

Berdintasun alorrak sentsibilizazio kanpaina garatuko du eta 'Puntu moreak' kalean jarriko ditu jaietako bost egunetan
Imagen
15.07.25
Udalbatzak gaur ezohiko Osoko Bilkura izango du

Gai-zerrendak hamalau puntu ditu; horien artean, kredituak gehitzeagatik aurrekontua aldatzea, Lobiano erabiltzeko erregelamendua, 2025eko Lanpostu Zerrenda aldatzea edo erakundeko euskara normalizatzeko plan estrategikoa onartzea
Imagen
10.07.25
Azaleko minbizia prebenitzeko modurik onena, eguzkitik babestea da

Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta herriko boluntarioak informazioa eta gomendioak emango dituzte gaur Betiondon