Martxoaren 8an kontsumoari planto egiteari buruzko ekimenak

04.02.20
Berdintasuna

Ermuko Emakumeen Topalekuak eta Setem Hego Haizea GKEak Jabekuntza Eskolaren barnean jarduera eta topaketa ezberdinak antolatu dituzte hilabete honetarako. Ekimen horien ardatza martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, kontsumoari planto nola egin eta, ez erosteaz gain, nola parte hartu izango da.

Lehenengo topaketa ostiral honetan egingo da, otsailak 7, Maitasun erromantikoa, San Balentin eta kontsumismoa izenburupean. Bertan, kazetari eta Faktoria Lilako koordinatzaile den Irantzu Varela militante feminista ezagunak, maitasuna marketing estrategia gisa nola erabiltzen den aztertuko du, eta maitatzeko modu ezberdinetan sakonduko du. Hitzaldia 18:00etan hasiko da Lobiano Kultur Gunean, eta sarrera doakoa da.

Otsailaren 13an, osteguna, Kontsumoko greba feministarantz, martxoan eta beti topaketa egingo da Emakumeen Topalekuan. Bertan, greba feministaren barnean kontsumo ardatza zergatik dagoen eta, datorren martxoaren 8an – eta urte osoan zehar – erosketak egitera ez joateaz gain zer gehiago egin daitekeen azalduko da. Tailer horretan gai horien inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera izango da, eta ekintza indibidualeko eta kolektiboko proposamenak elkarrekin sortu ahalko dira. Ekologistak martxan eta Setem elkarteek gidatuko dute topaketa 18:00etatik 19:30era, eta parte-hartzea doakoa den arren, izena ematea gomendatzen da Topalekuan edo varribas@udalermua.net helbide elektronikoan.

Azkenik Eva Ruiz artistak Salaketak josten tailerra eskainiko du otsailaren 19an eta 20an 18:00etatik 20:30era. Ikastaro horretan, berrerabilitako oihalezko sorkuntzekin lan egingo da Ni nork zaintzen nau? galderari erantzuteko; oso pentsamendu arrunta da, etxeko isiltasunean utziz gero hor geldituko dena, erantzunik gabe, ahaztu arte. Baina oihu horiek gurekin kalera aterako balira? Doako tailer honetarako izena ematea gomendatzen da Topalekuan edo varribas@udalermua.net helbide elektronikoan.

Ikastaro berriak Topalekuan

Baloreen Faktoria, Setem Hego Haizearen prestakuntza eraldatzailerako proposamenak, eta Ermuko Emakumeen Topalekuak kontsumo arduratsu eta osasungarrian, ekologian, bidezko merkataritzan eta finantza etikoetan espezializatutako hainbat jarduera eskainiko dituzte, ikuspegi feminista batetik, ekainera bitartean. Topaketa izeneko bloke horren barruan, lau tailer egingo dira – horien artean, albiste honetan aipatzen diren hirurak –, baita irteera kultural bat ere, tokian tokiko proiektu agroekologikoak bisitatzeko.

Bestalde, Emakumeen Topaguneak Jabekuntza Eskolako ikastaro propioak eskaintzen ditu. 8 tailer eta bi hitzaldi izango dira guztira, aldi honetarako aurreikusitako bi irteera kulturalekin lotuta.

Gogorarazten dizuegu ekainera arteko ikastaro eta jarduera guztiak Ermuko Udaleko Berdintasun Alorrak kaleratutako programa osoan ikusi ditzakezuela.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan